Game of Thrones

Game of Thrones: Hauek izan daitezke kastineko baldintzak

Baleike 2016ko ira. 12a, 17:41

Game of Thronesek Zumaian egingo duen kastinaz bakarrik dakigu soilik gizonak nahi dituztela eta urriaren 5ean iragarriko dituztela xehetasunak, baina dagoeneko martxan dago Caceresen bihar eta etzi egingo dutena, eta pentsa daiteke hango baldintza asko Zumaian ere eskatuko dituztela. Hasteko, ahaztu tatuajeak begi bistan baldin badituzu. Soldaduska egina izatea, aldiz, aldekoa izan daiteke, Caceresen behintzat esperientzia militarra edukitzea baloratuko baitute. 

ModExpoR International enpresa arduratzen da hautaketa prozesuetaz. Facebook-en daukan orrialdean egin zituen atzo publiko Caceresko kastinerako eskatuko dituen ezaugarriak. Ez du esan nahi Zumaian berberak eskatuko dituztenik, baina asko errepikatuko dira ziurrenik. Hemen Caceresen eskatu dituztenak:

Hasteko, ez dute adingabekorik nahi. 18 eta 50 urte arteko gizonezkoak nahi dituzte, edozein arrazakoak.

Ezaugarri hauek lehenetsiko dituzte:

-Argalak.
-Soldadu izateko baldintza fisiko egokiak izatea.
-Esperientzia militarra baloratuko dute.
-Orrazketa oso modernoa dutenak ez dira onartuko.
-Ilea kolore bakarrekoak nahi dituzte, ez dute metxarik edo halakorik nahi; ez eta ere ile arrosa, berdea, urdina... Kolore naturalak bakarrik.
-Gizonezkoek bizarra lagatzeko edo mozteko prest egon behar dute.
-Bertako jendea edo eskualdekoa, edo grabaketa egunetan bertan biziko dena.
-Tatuajeak begi bistan dauzkaten hautagaiak ez dituzte onartuko.

Grabaketa egunak luzeak izan daitezkeela ohartazi dute, eta hautatuek grabaketa baino egun batzuk lehenago arropak probatu beharko dituztela. NAN-a eta Gizarte Segurantzako zenbakia derrigorrezkoak dira.

Soldatari dagokionez, 54 euro garbi ordainduko dute nominan.

Caceresko kastinerako "bakarrik" banatuko dituzte 2.400 gonbidapen gizonentzat eta 600 emakumeentzat, eta kiroldegia erabiliko dute.