Game of Thrones

"Esperientzia ederra izango da Game of Thrones-en lan egitea"

Baleike 2016ko ira. 5a, 13:57
Lucia, Ana, Isabel eta Cristel, lan poltsan izena eman duten lehenak; laurak ere, eskualdetik kanpokoak. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Game of Thrones telesailerako lan poltsan izena eman duten sei lagunekin hitz egin dugu. Deialdia eskualdekoentzat izan den arren, kanpokoak aurkitu ditugu gehienak: Madril, Asturias, Galizia, Bilbo... Hemen zer kontatu diguten:

Cristel eta Lucia Madrildik etorri dira Game of Thrones telesaileko lan poltsan izena ematera. Oxford aretoaren atean garbi jartzen du eskualdekoentzat dela deialdia, baina hori beraientzat ez da eragozpena izan goizeko zortzi eta erdietarako ilararen buruan egoteko. Atrezzo lanetarako eman dute izena. «Horretarako ikasi dugu eta lanpostu bat lortzeko horrelako erokeriak egin behar dira», azaldu du Cristelek. Lan esperientziaren bila datoz, baina aitortu dute telesailaren jarraitzaile sutsuak direla. «Hasieratik jarraitzen dugu; gainera, bertan lan egiteko aukera sortzen bazaigu, esperientzia ederra izango da Game of Thronesen lan egitea».

Lan baldintzen inguruan, ez omen diete argibide handirik eman: «Esan digute bospasei eguneko lana izango dela, baina diru konturik-eta ez digute aipatu. Hala ere, ez gaitu gehiegi kezkatzen. Edozerren truke parte hartzeko prest gaude».

Ana Astigarragatik etorri da, eta Isabel Donostiatik. Erizain posturako aurkeztu dira biak. Isabelek badu lana, baina esperientzia bizitzeagatik edozertarako prest dago: «Lana utzi nuke! Ez, ez, broma da... Baina opor batzuk hartuko nituzte, moldatuko nintzateke telesailean egun batzuk lan egiteko. Uste dut halako ekoizpen handi bat barrutik ezagutzeko aukera bakarra dela». Ana, berriz, langabezian gelditu berri da, eta aukera ona ikusten du telesailean lan egitea. «Erizain tituluaz gain, ingelesa jakitea ere eskatu dute gure kasuan», azaldu du.

Cristel, Lucia, Ana eta Isabel, laurak eskualdetik kanpokoak dira, baina espero dute baldintza hori erabakigarria ez izatea. Cristelek behintzat, badu itxaropenerako argudio bat: «Normalean eskualdekoak eskatzen dituzte, dietak eta garraioa ordaindu behar ez izateko; baina gu prest gaude koste horiek gure gain hartzeko».

Abdelaziz marokoarra da eta bi hilabete daramatza Zumaian bizitzen. Lanik gabe dago, eta gainera telesailaren jarraitzailea da. «Ni prest nago edozer lan egiteko, lorezain, estra, muntatzaile... Formularioa aurkeztearekin batera galdetu didate ea non bizi naizen eta autorik ba ote dudan, besterik ez», esplikatu du.

Zumaiarra da Ibon. Ilaran dauden gehienek bezala, esperientzia bizitzeagatik eman du izena. «Batik bat, mundu hau barrutik nola den ikusteko». Aitortu du ez zuela telesaila jarraitzen, Zumaiara zetorrela jakin zuen arte. «Udan ikusi ditut orain arteko denboraldi guztiak. Gustatu zait, baina ez da normala ematen ari zaion garrantzia».

Telesailaren grabazioak herriari zer ekarriko dion ez dauka oso garbi. «Beldur pixka bat ere ematen dit, ikusita honek nola funtzionatzen duen. Gaur ere [atzo] kamera piloa dago hemen, kazetariak, ilara luzea... Ez dakit ondorio guztiak onak izango diren. Ikusiko dugu zer gertatzen den eta herrian zer neurri hartzen diren».