Zenbat etxebizitza turistiko daude Zumaian?

Baleike 2016ko abu. 31a, 20:37

Gaur sartu da indarrean duela hilabete Eusko Legebiltzarrak onartutako Turismo Legea. Haren arabera, etxea edo gela erabilera turistikorako alokatzen dutenek izena eman beharko dute Euskadiko Turismo Jardueren eta Enpresen Erregistroan. Erregistroa osatu arte zail da jakitea zenbat etxebizitza turistiko dauden Zumaian, baina Interneteko webgune espezializatuetan begiratu bat ematea nahikoa da ohartzeko uste baino gehiago direla.

Azken urteotan sekulako hazkundea izan dute etxebizitza turistikoek, eta ostatu tradizionalen lehiakide bihurtu dira. Airbnb eta Wimdu dira etxebizitza turistikoen alokairuan espezializatutako bi plataforma digital ezagunenetakoak. Eta bilaketa azkar bat eginda, ezustekoa hartu dugu: Wimdun bost eskaintza aurkitu ditugu, baina Airbnb 24. Wimdu-n 120 eta 149 euro (eguneko) arteko etxebizitzak ikusi ditugu; Airbnb-n zabalagoa da aukera: 42 euro eta 354 euro artekoak.

Turismo Legearen ondorioak

Arautu gabeko esparrua izan da orain arte, baina hori zuzentzeko asmoarekin dator Turismo Legea. Lehen urratsa izango da turismorako erabiltzen diren etxebizitzak eta gelak erregistratzea. Etxean hartzen dituzten turisten berri eman beharko dute jabeek, eta publizitatea egitean erregistroan eman zaien baimen zenbakiak azaldu beharko dute iragarkian. Beste edozein ostaturen eskubide eta betebeherrak izango dituzte, eta erregistratu gabe jarduera turistikoarekin jarraitzen duenak 10.000 eta 600.000 euro arteko isuna jaso dezake. Era berean, iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko tresna izango da erregistroa.