Torrikoren Benidormek irabazi du Pulporen Udako Torneoa

Baleike 2016ko abu. 20a, 23:53
Mikel Martinez, Ander Torriko eta Kauldi Odriozola. Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Benidorm eskubaloi taldeak irabazi du Pulporen Udako Torneoa, Zarautz Amenabar eta Bidasoa mendean hartuta. Pulpoko harrobiak eman dituen azken hiru harribitxiak jokatzen ikusteko aukera izan da Lubakin: Kauldi Odriozola Bidasoarekin, Ander Torriko Benidormekin eta Mikel Martinez Zarautzekin. Torneoa aprobetxatu dute Europako txapeldun Kauldi Odriozola eta Ander Torrikori omenaldia egiteko.

Ordu laurdeneko bina zatiko hiru partidak osatu dute Pulpok aurten prestatutako Udako Torneoa. Elkarrekin Pulporen urrezko belaunaldia osatu zuten Kauldi Odriozola, Ander Torriko eta Mikel Martinez berriro ikusteko gogoz joan dira zaleak Lubakira; oraingoan baina, bakoitza talde batean. Mikel Martinezek eta Kauldi Odriozolak bigarren denboraldia dute aurretik Zarautzen eta Bidasoan, hurrenez hurren; Ander Torrikok Benidormekin jokatuko du, iaz Zarautzen denboraldi bikaina osatu eta gero. Odriozolak eta Torrikok, gainera, Asobal Ligan jokatuko dute, maila gorenean.

Pulpok Torneoa aprobetxatu du Europako Txapelketa irabazi berri duten Kauldi Odriozolari eta Ander Torrikori omenaldia eskaintzeko. Zapi bana jaso dute oroigarri gisa, Bidasoa, Benidorm eta Zarauzko gainontzeko jokalariek osatutako korridorean, kiroldegian bildutako guztien txalo artean.

Partidei dagokienez, hauek izan dira emaitzak:

Zarautz 6-14 Bidasoa
Bidasoa 12-13 Benidorm
Benidorm 13-10 Zarautz

Erlazionatuak