Zumaia TKE ligan

Beste bi puntu jan dizkio gaur Zumaiak Portugaleteri

Baleike 2016ko uzt. 31a, 15:22
Gaur ere dena eman dute Telmo Deuneko arraunlariek. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Hamargarren sailkatu da gaur Telmo Deun Zumaian jokatutako San Miguel Ligako estropadan, atzean Astillero eta Portugalete lagata. Sailkapen nagusian orain bost puntuko aldea dago Portugalete eta Zumaia artean, sei estropadaren faltan. Bandera Hondarribiak irabazi du, eta Euskotrenen San Juan izan da aurrena.

Estropada ederra egin du gaur Telmo Deunek etxean. Lehen kaletik abiatu dira zumaiarrak, Zierbena bigarrenetik, Portugalete hirugarrenetik eta laugarrenetik Cabo. Zumaia dena ematera atera da lehen txanpatik. Pixkanaka tartea ireki du eta lan erditan tarte politarekin ziren aurretik Patxi Francesen mutilak. Cabo eta Zierbena hiruzpalau segundora, eta atzean gelditzen, zazpira, Portugalete.

Azken aldian puntuz puntu ari zaio aldea jaten Zumaia Portugaleteri baina, bazirudien gaurkoan oparoagoa izan zitekeela uzta. Baina hirugarren luzean gainera etorri zaizkio Zierbena eta Cabo, eta azken ziabogatik txandako hirugarren atera da Zumaia. Hortzak estutu eta dena eman behar izan dute azken luzean aurrez egindako lana alferrik ez galtzeko. Cabo eta Zierbena errazago etorri dira, baina Portugalete ez da Zumaiari tartea jateko gai izan eta helmugan lehen helburua bete du Telmo Deunek: Portugalete atzean uztea. Pena ordea, estropada nola joan den ikusita, Cabo edo Zierbena tartean sartu ez izana.

Astillerok kale

Bigarren txandan San Juan izan da onena, lehen kaletik, Orio eta San Pedroren aurretik. Ezustea Astillerok eman du, ordea. Espero baino eskasago aritu dira kantabriarrak, lehen luzetik trabeskako olatuan moldatu ezinik. Eta hortxe piztu da zumaiarren esperantza, Telmo Deun eta Portugaleteren artean sailkatuko ote zen. Azken ziabogan bazirudien Astillerok gora egin zuela, baina ez; Telmo Deunek baino bost segundo gehiago eta Portugaletek baino lau gutxiago behar izan ditu helmugan. Horri esker, puntu bat ez, bi jan dizkio gaur Zumaiak Portugaleteri.

Azken txandan Hondarribiak hartu du estropada burua lehen txanpatik, Urdaibai eta Kaiku segika. Tiran oso atzean gelditu da hasieratik, eta batek baino gehiagok pentsatu du Astilleroren bidetik joan zitekeela galiziarren lana. Baina ez. Tiranek gora egin du azken luzean eta San Juanen denboran amaitu du estropada. Urdaibai saiatu da Hondarribia estutzen azken txanpan trabeskako pare bat olatu hartuta, baina San Miguel Ligako liderrak ez du amore eman.

Datorren asteburuan ez dago San Miguel Ligarik. Gero Zarauzko bi estropadak izango dira, jarraian Hondarribia eta Castro, eta azken asteburuan bi estropada Portugaleten. Azken postuari ihes egiteko helburua gertuago dauka Zumaiak. Ea hurrengo lau estropadetan lanak borobiltzen dituzten, Portugaleteko azken bi estropadetan edozer gerta daiteke eta.

Erlazionatuak