EH Bilduk aurkeztutako 'LOMCE gabeko herria' mozioa onartu zuen atzo plenoak

Baleike 2016ko uzt. 29a, 18:28

Mozioentzako lekua ere izan zen atzoko ohiko batzarrean. Berez 'LOMCE gabeko herria' idatzia maiatzeko plenoan zen aztertzekoa, Lomceren auzia puri-purian zegoenean, baina uztailera arte zain egon behar izan da plenoan aztertzeko. 

"Pena da maiatzekoan aztertu ez izana, ikastetxeekin hitz eginda geunden-eta, baina oraindik indarrean dagoenez, badu oraindik zentzua", azaldu zuen EH Bilduko zinegotzi Arritxu Iribarrek. EH Bilduk aurkeztutako proposamena zinegotzi guztien aldeko botoarekin onartu zen.

Idatziak honela dio:

Hezkuntza guztion eskubidea da. Administrazioaren ardura, pertsona ororen eskubide hori hala dela bermatzea, eta gizarte zibilak zaindu behar du eskubide hori betetzen den ala ez.

Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa parte hartzaile, askatzaile, inklusibo, demokratiko, anitz eta euskalduna behar dugu; ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza bermatuta izan behar dute.

Udalbatza honek, herritarren garapenean eta bide batez herriaren garapenean hezkuntzak duen garrantzia aintzakotzat hartuta, hezkuntza denon ardura dela aitortzen du, baita aldarrikatu ere.

LOMCEk oinarrizko hezkuntza eskubideari erasotzen dio, eta bere kontra azaldu dira Zumaiako Herri Eskola eta Maria eta Jose ikastetxeak, euskal hezkuntza komunitatearekin batera.

LOMCEk eskola inklusiboa baztertzen du, autoritarioa da, segregatzailea, euskara eta euskal kultura heriotzera bideratzen ditu, familien eta herritarren parte hartzearen aurka doa, erlijioa inposatzen du; ikasleen berezitasunen errealitatetik urrun dagoen hezkuntza da, sistema merkantilista baten beharrei erantzuten diena.

Hau guztiagatik, oinarrizko printzipioen aurka joateagatik eta gizartearen nahiaren aurrean inposatu nahi dutelako, LOMCE ez-aplikatzearen aldeko jarrera du ZUMAIAKO udalak, eta erabaki hau hartu duten herriko bi ikastetxeen alde izango da, behar duten babesa emanez. Era berean ZUMAIAKO  udalbatza honek hezkuntza propioa garatzeko bidean, indar aktiboa izateko konpromisoa beregain hartzen du.

Zumaiako Udalbatzak LOMCEri ezetz esan dio eta LOMCErik gabeko herria dinamikari babesa emango dio, lehentasun hauek kontutan hartuta:

  1. LHko 3. mailako (8 urterekin) ebaluazio diagnostikoari uko egingo dio eta irakasleen ebaluazio jarraituari garrantzia eman.
  2. LHko 3. eta 6. mailako ebaluazioen emaitzak publiko egin nahi izatea salatu.
  3. Irakasleen lan tresna curriculum propioa izatea ahalbideratuko du.
  4. Ikaslea, hezkuntzan eskubidedun subjektu aktibo nagusi bezala aitortuko du.
  5. Euskal Herrian Hezkuntza sistema propioa eraikitzea lehentasuna izango da eta horretarako hezkuntza eragileen gehiengoaren eskaerak jaso eta bermatuko dira.