Goikoetxeak eta Enbilek irabazi dute Zumaia Master Series txapelketa

Baleike 2016ko uzt. 25a, 10:13
Gotzon Enbilen jokaldi ikusgarria, horman gora igota. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Olhak eta Etchetok osatutako bikoteari irabazi zioten atzo gauean Aitzurin jokatutako finala, bi setetan (15-13 eta 15-13).

Final gogor eta borrokatua lau pilotariek atzo eskainitakoa. Goikoetxea eta Enbil ziren faborito, baina Olhak eta Etchetok gogotik zaildu zizkieten lanak. Iparraldeko bikoteak hobeto ekin zion finalari, zumaiarrak artean partidan erabat sartu gabe, Goikoetxea batik bat. Baina lehen setak aurrera egin ahala agertu zen Goikoetxea, atzean Enbilek beti ondo babestuta. Zumaiarrek buelta eman zioten markagailuari, finaleko tantorik onenak orduan eskainiz.

Bigarren setean gehiago nabaritu zen bi bikoteen nekea, normala denez. Etchetok eta Olhak behin eta berriro saiatu ziren pilota atzeko zulora bidaltzen eta han izan zituen estuasun handienak Enbilek. Olha eta Etcheto aurretik ziren markagailuan baina, beste behin, tanto erabakigarrietan zumaiarrek asmatu zuten eta bigarren seta eta finala beraientzat izan zen. 

Hirugarren eta laugarren posturako partidan, Olharan eta Inzak irabazi zuten 15-14 eta 15-11 Egiguren II.a eta Erkiagaren aurka.

Atzoko bi partiden artean Beheko Plaza jatetxeak prestatutako marmitatekoa eta Etxetxoren txakolina dastatzeko aukera izan zuen publikoak. Udalak eskerrak eman nahi dizkie zesta puntako eskolako kideei Zumaia Master Series txapelketa antolatzen egin duten lanagatik.