Mariz dakiguna eta ez dakiguna

Baleike 2016ko uzt. 22a, 17:34

Jose Maria Zubia Zigaran Mari hil zela 150 urte bete dira aurten. Zumaiarrek bihotzean daramaten pertsonaia da, itsasoan egin zituen salbamenduengatik oroitua. Baina Mariri buruz iritsi zaigun kontakizunetik zer da benetan egia? Zer dakigu Mariri buruz? 

Galdera horri erantzutea izan da, hain zuzen ere, Javier Carballok eta Xabier Alberdik Zumaiako Udalak eskatuta egin duten ikerketaren helburua. Horrela esplikatu du Xabier Alberdik: "Aita Mariri buruz zenbait argitalpen badaude, baina gehienak formato txikikoak, egunkarietako artikuluak. Lan horietako iturriak beti berberak dira, informazio berririk ez dute ematen. Lehendik esandakoak errepikatzen dituzte, behin eta berriz. Gainera, idazle berri bakoitzak bere ukitua ematen dio, apaingarriak gehitzen dizkio jatorrizko kontakizunari, eta horrek benetako historia desitxuratzen du. Gure lan honen helburua izan da bereiztea gaur egun ezagutzen dugun biografia horretan zer den benetan baiezta daitekeena eta zer den frogarik gabeko tradizioa".

Aita Mariren irudia zaharberritu duten Rakel Nacenta eta Idoia Idigoras, eta Javier Carballo eta Xabier Alberdi ikerlariak.

Lan hori egin ahal izateko, jatorrizko iturriak eta artxibategietako dokumentuetan oinarritu dira. Eta, aitortu dutenez, emaitza ez da oso oparoa izan: "Oso gutxi aurkitu dugu, datu solteak baino ez". Hala ere, ikerketak zabalik jarraitzen duela azaldu dute.

Herri kontakizunak dioena, laburrean

Jose Maria Zubia Zigaran Zumaian jaio zen, 1809an. Bederatzi urtekin aitarekin txalupamutil hasi zen, eta 1830eko hamarkadan Ameriketako merkataritza bidean egin zuen lan, marinel. Garai hartan hainbat salbamendu egin zituela dio kontakizunak. Gero Donostiara joan zen bizitzera, eta han ere beti prest omen zegoen salbamenduak egiteko. 1861eko uztailaren 13an egin zuen lehen erreskate sonatua. Urgull parean hondoratzear zihoan Donostiako txalupa bateko zenbait marinel erreskatatu zituen. Gertaera hartako alargunei laguntzeko jaialdia antolatu zen Antzoki Zaharrean, Isidora La Madrid artista ezagunarekin, eta ekitaldi hartan Mari eta bere txalupako bederatzi marinelei kondekorazioa eman zieten. Orduan sortu zen heroiaren irudia. Azkenik, 1866ko urtarrilaren 9an Getariako itsasontzi bat salbatzera joan zen, eta orduan hil zen, itota. Amaiera hura izan zen heroiaren konfirmazioa.

Zer aurkitu duten dokumentuetan eta zer ez

Esate baterako, Ameriketan ibili zenik ezin izan dute baieztatu, dokumentu ofizialetan ez da inon ageri (horrek ez du esan nahi hala izan ez zenik). "Badakigu Zumaian 1820ko eta 1830eko hamarkada inguruan itsasontzi baten jabe izan zela, atoi-ontzi batena, hain zuzen ere. Arrantzan ere jarduten zuen atoi-ontzi harekin. Atoian jardute hori izan daiteke mitoaren abiapuntua. Askotan, arriskuan zeuden itsasontziak sartu behar izaten zituen moilara". Horrez gain, dokumentuetan aurkitu dutenez, Mariren familiak txalupa bat zuen jendea Santiagotik herrira ekartzeko; 1859an Jose Zubia aipatzen da dokumentu batean; lau marabedi kobratzen zuten bidaia.

Donostian traineru baten jabe izan zen. "Badakigu 1861an Donostian traineru baten jabe zela, eta urte hartako salbamenduan berekin parte hartu zuten bederatzi marinelen izenak ere aurkitu ditugu: Prudencio Agirrezabalaga, Francisco Tomas, Juan Francisco Egaña, Juan Maria Echar, Carlos Egaña, Jose Maria Urquieta, Rufino Cendoya, Joaquin Echave eta Bonifacio Echeverria". Kontakizunak dio guztiei Benefizientziako Gurutzea kondekorazioa eman zitzaiela, baina hori ezin izan dute dokumentuetan baieztatu. "Bai, ordea, Donostiako Udalak eskertza modura 1000 errealeko eskupekoa eman ziela; 280 erreal Marirentzat eta 80na erreal gainontzekoentzat".

1861eko galerna hartan, San Jose arrantzontziko zazpi marineletatik bizirik bi erreskatatu zituztela ere zehaztu ahal izan dute, eta haien izenak ere lortu dituzte: Jose Antonio Landa eta Joaquin Ynzagaray, biak ere guraso zirenak. Hildakoak bost izan ziren (haien izenak ere badauzkate).

Francisca Xaviera Alberdi Zubiaurre elgoibartarrarekin ezkondu zen Mari, ezkontza agiria aurkitu ez duten arren. 1865ean hil zitzaion emaztea, 69 urte zituela. Alaba bat izan zuten, Maria Dolores Zubia Alberdi. Zumaian jaio zen, 1841eko abenduaren 29an, eta 14 urte zituela hil zen, 1855ean, kolerak jota. Mari 1866ko urtarrilaren 9an hil zen, baina heriotza agiririk ere ez dago. Hori normalagotzat jotzen dute bi ikerlariek, itsasoan itota desagertu zelako (gorpurik ez zen agertu).

Kezka eragin dien detailerik ere bada:"Kezkagarriago iruditzen zaigu 1860ko Donostiako arrantzaleen zerrendan ez dela ageri Jose Maria Zubiarik. Jose Maria Zubiaurre bat ageri da". Ikerketa lerro hau zabalik daukate.

Bitxikeria modura, Marik Donostian egindako lehen salbamendu sonatuan (1861), deigarria da ordurako bazegoela sorospen txalupa bat Donostian, propio larrialdietarako. Geroago, 1926an, sorospenerako ontzia motorduna zen ordurako, eta Zumaiako Yereguiren bi motor zeuzkan; gainera, Andres Esteibar zumaiarra zen patroia.

Aita Mari ez, Mari

Jose Maria Zubiaren ezinena beti izan zen Mari, oso gerora hasi omen zen Aita Mari erabiltzen. Bere omenezko plaka batean Manuel Lekuonak erabili zuen lehen aldiz Aita Mari. Gerora Donostiako Udalak plaka aldatu zuen, Aita Mari kendu eta Mari uzteko, garaiko kazetari ezagun batek publikoki hala eskatu eta gero. Beraz, Mari da bere jatorrizko ezizena.

Erlazionatuak