GUTUNA: EAJ-PSEk erraustegiak Urola Kostako herritarren poltsikoetan izango duen eragina ezkutatu nahi dute

Urola Kostako EH Bildu 2016ko uzt. 13a, 14:10

Urola Kostako EH Bilduk erraustegiaren eraikuntzak herritarrei ekonomikoki nola eragingo dien jakin nahi du eta txosten ekonomiko-juridiko bat eskatu du Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) Zuzendaritza batzordean. EAJ-PSEk ez du txostenik egin nahi eta herritarrei informazioa ukatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. 

Urola Kostako Udal Elkartea (UKUE) osatzen dugun herrien hondakinen bilketa bateratua lantzen ari da eta, horretarako, finantzaketa azterketa teknikoa eta estatutuen aldaketak (eskumen aldaketak) egin behar dira. Finantzaketa arloari dagokionean, erraustegiak ekonomikoki gure eskualdean izango duen eraginak asko kezkatzen du EH Bildu, finkatu beharko diren tasetan azpiegitura honen ordainketa jaso beharko delako. UKUE Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko (GHK) kide da eta bertan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute eskualdeko herritar guztiengan, eta eragin hori ezkutatu nahian dabiltza EAJ eta PSE. Izan ere, nola ordaindu behar dugu Urola Kostako herritarrok Zubietan egin nahi den erraustegiaren 1200 miloi eurotik gorako kostua? Zein igoera suposatuko du gure tasetan? 

Edozein konpromezu hartu aurretik, EH Bilduk txosten ekonomiko-juridiko bat egitea eskatu dugu UKUE-ko Zuzendaritza batzordean. Eskualdeko herritarrek garbi izan behar dute hurrengo 35 urtetan zein zulo ekonomikotan sartu nahi gaituzten, eta hondakinak kudeatu eta tratatzeko beste aukera batzuk aztertzeko bideak jorratu behar lirateke.

Zuzendaritza Batzordean gehiengoa duen EAJ-PSEk ukatu egin du inongo txostenik egiteko aukera. Erantzun benetan larria, edozein agintarik halako neurriko erabaki baten aurrean beharrezko diren txosten guztiak izan behar bailituzke norabide bat hartu aurretik. Udal Elkarteak herritarren interesen defentsa jardun behar luke eta eskualdeko herritarrengan izango dituen ondorio ekonomikoak aztertu aurretik, UKUE-k ezin du horrelako erabaki bat hartu.

Arduragabekeria, itsukeria eta jarrera inposatzaile honekin, herritarrei informazioa ezkutatzen ari dira EAJ eta PSE, eta urte luzerako karga ekonomiko erraldoira kondenatu nahi gaituzte, bestelako aukerei bizkar emanez. Beharrezkoa ez eta gutxi batzuen negozioak laguntzeko sortuko den azpiegitura hori bultzatuz, herritarren osasun, ongizate eta poltsikoen kaltetan ari dira, benetako ondorioak ezkutatuz.