Imanol Yeregi: "Ez nuen inoiz Euskal zirkuituko probarik irabazi; arantza atera dut"

Baleike 2016ko uzt. 5a, 18:43

Euskal surf zirkuituko lehen proba irabazi du Imanol Yeregik igandean, Donostian. Irailean izan zuen ebakuntza baten ondoren lortzen duen lehen garaipena da.

Belaunean hesgailu deigarri bat duela agertu da Imanol Yeregi surflari zumaiarra hitzordura. Herrenka dator. "Txapelketan belauneko bihurdura bat egin nuen, final-laurdenetan. Uretatik irtetea buruan izan nuen, baina, azkenean jarraitu egin nuen. Lehorrean izotza jarri nion eta, min handirik ez nuenez, finalaurrekoak eta finala jokatu nituen". Baita irabazi ere, Donostiako Zurriola hondartzan jokatutako Euskal surf zirkuituko lehen proba irabazi baitu 20 urteko kirolari gazteak.

Berez, txapelketa apirilean zen jokatzekoa, baina olatuen faltarengatik bertan behera geratu zen. Baita Sopelan jokatu beharrekoa zen bigarren proba ere. "Asteburu honetan olatu politak zeuden, pare bat metrokoak, surf egiteko onak".

Euskal Herriko surflariez gain, nazioarte mailako kirolariak ere izan ziren asteburuan Donostian. Txandaz txanda aurrera egin zuen Imanolek, final-laurdenetan zaintiratua izan arte. "Ondo sentitzen nintzen uretan, gustura, eta orduan lesioa izan nuen. Ordutik aurrera kontu gehiagorekin ibili nintzen, olatu gutxiago hartzen". Olatu gutxiago, agian, baina kalitatezkoak. "Askotan olatu asko eta txarrak hartzen ditugu. Finalean azken unera arte egon nintzen zain. Bi minutu ingururen faltan olatu eder bat hartu nuen, zortzi puntu eman zizkidaten eta harri esker irabazi nuen txapelketa". Arantza bat atera duela ere azaldu digu Imanolek: "Ez nuen inoiz Euskal zirkuituko probarik irabazi, orain arte. Arantza hori atera dut".

Iazko irailean ebakuntza bat izan zuenetik lortzen duen lehen garaipena da Donostiakoa. Udazken hasiera hartan, Ferrolen (A Coruña, Galizia) gaizki sentitzen hasi zen. "Txapelketa bat jokatzera joan nintzen eta aurretik min handiak sentitzen hasi nintzen. Ez zekiten zer zen eta ospitalera eraman ninduten. Aurretik apendizetik operatu ninduten eta horrek ezin zuen izan. Baina, nolabait, este meharrak eta lodiak bat egiten duen zatia itsatsi egin zen orbainera eta ezin nuen kaka egin, dena barruan geratzen zen. Operatu ninduten, estearen zatia kendu zidaten eta denbora luze batean geldirik egon behar izan nuen".

Bost hilabete egon zen entrenatu gabe, uretara sartu gabe. "Oso aspergarria egin zitzaidan, baina, behintzat, ikasketetarako ondo etorri zitzaidan: nota onak atera nituen ebaluazio horretan".

Negu amaieran hasi zen berriro entrenatzen. "Bazen gauza bat arraroa egin zitzaidana. Ebakuntzaren aurretik taula nire gorputatzen zati bat bezala sentitzen nuen. Uretara bueltatu nintzenean, hasieran, arraroa egiten zitzaidan, baina entrenamenduekin berriro eroso sentitu nintzen taularekin".

Urte erdiko geldiunearen ondoren, QS sailkapenean hainbat postu galdu ditu eta berriro gora egitea du bere asmoa. Babeslea ere aldatu du: Quicksilverretik Patagonia arropa markara pasa da.

Apirilean izan zuen itzulerako lehen proba, Zarautzen. Donostiako hitzorduaren ondoren, Galiziara joateko asmoa zuen, baina, belauneko lesioa medio, etxean geratu da. Portugalen, Frantzian eta Marokon izango ditu, hurrenez hurren, hurrengo probak. Euskal zirkuitu osoa egiteko asmoa ere badu: Sopelan, Zumaian eta Mundakan jokatuko dira hurrengo probak. "Lehen probaren ondoren lidergoan nago eta zirkuitua irabaztea izan daiteke helburu bat".