Zumaia TKE ligan

Patxi Frances: “Zumaiako zaleak ziur egon daitezke bere trainerua dena ematera aterako dela”

Baleike 2016ko eka. 17a, 15:01

Igande honetan hasiko da Sevillan aurtengo San Miguel Liga eta bertan izango da Zumaia. Bi urtez KAE ligan aritu ondoren, iaz lortu zuen maila gorenera itzultzea. Zumaiako taldea goizean atera da Sevillara bidean (trainerual eta beste materialak gauez egin du bidea). Aurretik Patxi Frances entrenatzailearekin hitz egin dugu.

Hirugarren urtea du donostiarrak Zumaiako entrenatzaile bezala. Arraunlari bezala ere aritu zen Telmo Deunen. Argazkia ateratzekoan bandera batzuen aurrean jartzea eskatzen du. "Horiek dira ni hemen egon nintzenean irabazitakoak". 

Pasa den denboraldi amaieran baja batzuk izan zenituzten, baina ez dirudi oraingoan jende asko joan zaizuenik.

Jendeak aurten jarraitu egin du. Zuzendaritza lan oso ona egin du honen inguruan. Jarraipena izan dugu eta horrek lan hobea egiteko aukerak ematen dizkizu. Bajetako bat orain bizpahiru urte gurekin aritutako arraunlari baten itzulerarekin estali dugu. Karlos Mendizabal ere etorri da eta horrekin beste baja garrantzitsu bat estali dugu.

Iaz igoera lortu izanak ere lagunduko zuen.

Kirol hau oso gogorra da. Beldur gehiena neguak ematen du; negua oso zaila da. Irailean amaitzen duzu denboraldia eta segituan egunak laburtu egiten dira; euria egiten du, egunero lokalean zaude lanean eta ekainera aste ez zara lehiatzen hasten. Hori dena arraunlarien buruetatik pasatzen da eta, batzutan, arrauna uztera eramaten zaitu. Guk hemengo mutilekin egiten dugu lan; hemen daude gustukoa dutelako, baina beraien ikasketak edo lanak dituzte.

Iazko denboraldi handiaren ondoren eta play offean egindako erakustaldiaren ondoren, normal izango zen putreak bueltaka ibiltzea. Beste klubengatik ari naiz.

[Barrez] Pentsatzen dut putreak hor daudela eta gure jendean fijatu direla, baina oraindik oso gazteak dira. Etorkizun handia dute, lan ona egin da beraiekin, pertsonalki ere lan handia egin dute, baina maila goreneko traineru batean ibiltzeko esperientzia gehiago behar da. Beti esan izan dut kirol honetan maila altuena 26-27 urterekin izaten dela. Adin horrekin gorputza eta sufrimendua kontrolatzen dituzu. Klub hauek ez dute 21 urteko arraunlari baten aldeko apustua egingo; jatorrizko klubean beste pare bat urte egiten utziko dute eta ondoren joango dira haren bila.

Esperientzia aipatu duzu. 41 urte dituen eta Hondarribia eta San Juan klubetatik pasa den Karlos Mendizabalek emango dizue esperientzia hori.

Karlos berak deitu zidan. Esan zidan gure proiektuko parte izan nahi zuela eta gure arraunkera gustatzen zitzaiola. Bere azken esperientzia ez zen oso ona izan eta ez zuen arrauna horrela utzi nahi. Disfrutatzen amaitu nahi zuen. Gure taldean ilusioa nabari zuen eta ilusio horren parte izan nahi zuen. Zuzendaritzarekin hitz egin nuen eta hauek aurrera egiteko esan zidaten. Egia esan, oso gustura gaude berekin.

30 lagunetik gora duzu bi traineruko arraunlariak batzen baditugu. Ez dago gaizki.

Bai, inguru horretan gabiltza. B ontzia ateratzeko eskatu nuen etorri nintzenetik. Harrobiari garrantzia eman behar zaio, Zumaiaren etorkizuna beraiek dira eta. Esan duzun bezala, agian urte batean beste klubetatik etorriko dira eta arraunlari batzuk eramango dizkigute. Halako kasuetarako jende honen beharra izaten da. Arraunlari hauen formakuntza da guretzat garrantzitsua, baina arraunlari beraiek dute irabazteko grina. Badakite, eta hala esaten diegu, pauta batzuk jarraitu behar direla, pauso batzuk, eta hori formakuntza da. Estropadak egin behar dira, minutuak egin. Eta horren ondoren etorriko zaizkie una gozoak.

San Miguel ligako ontziaren helburua maila mantentzea izango duzue.

Guretzako arrakasta izango da ez jaistea. Ez nuke nahiko beste play off batean parte hartu, dugun jende batek sufritu dituelako. Nazkatuta daude puntu horretara heldu beharrarekin, oso gaizki pasatzen da eta. Ideia hori, atzean ontziak uztea, eta ikusiko dugu ea gai garen. Badakigu zaila izango dela eta talde oso indartsuak izango ditugula aurkari, teorian gureak baino indartsuagoa, baina ilusioa dugu, gogoak eta taldea bat eginda dago. Horrek guztiak lagunduko digu.

Mutilek dena emango dutenaren jakitun zara.

Horren zalantzarik ez dut. Beti diot hori eta beraiei ere esaten diet. Izango da zerbait gaizki aterako den estropadaren bat, baina, hala ere, ziur izan lehiatzera eta dena ematera aterako direla. zaleak ziur egon daitezke bere trainerua dena ematera aterako dela. 

Nola ikusten dituzu beste klubak?

Ez naiz beste klubei begira egoten naizenetakoa. Azken finean, irabazi edo galdu, nire taldearekin egingo dut. Jakina da oso talde indartsuak izango dira, Urdaibai, Hondarribia eta Orio. Gero beste talde bat dago: Kaiku, San Juan, Tiran eta Cabo. Galiziarrak oso lan ona egiten ari dira Galiziako herrietako arraunlariak biltzen. Pentsatzen dut Zierbena ere borrokan egongo dela, denboraldi honetarako 14 arraunlari fitxatu ditu-eta. Harrituta utzi gaitu horrek. Gero, atzealdean, San Pedro, Astillero eta Portugalete daude. Horregatik diot nirean pentsatzen dudala; nori irabazi behar diodan pentsatzen hasi behar badut...

Zer moduzko aurredenboraldia izan duzue?

Primerako lana egin da. Fisiko aldetik, mutilak iaz baino hobeto daude. Orain uretan asmatzea da. Aurten iaz baino jaitsiera gutxiago izan ditugu, Oriokoa eguraldi kontuengatik bertan behera geratu zen eta. Hondarribian eta San Pedron talde nahastuarekin hartu genuen parte. Denboran hurbilago dauden Ondarroan eta Mutrikun, une batzuetan asmatu genuen. Lekeition estropada osoagoa egin genuen. Aurtengo Zumaia horrelakoa izango da: talde borrokalaria eta burua galduko ez duena. Atzean geratu ginen, baina borrokan jarraitu genuen eta, azkenean, txanda irabazi genuen. 

Denboraldia lehen estropada hauei begira planifikatu al duzue?

Lehen arraunkadatik. Badakizu zer gertatu daitekeen: txirrindulari batek denboraldia Tourrari begira planifikatu dezake eta gero huts egin. Hemen ez duzu txirrindulari bat, 20 laguneko talde bat da eta hori oso zaila da. Gauza bat ziur izan: taldearen dinamika borroka egitea izango da.