Iñaki Ostolaza: “Madrilen egotea garrantzitsua ez, ezinbestekoa da, gure bozkak beharrezkoak izan daitezke-eta”

Baleike 2016ko eka. 15a, 14:55

Ekainaren 26an egingo diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan EH Bilduren Gipuzkoako bigarren zerrendaburua da Iñaki Ostolaza (Zumaia, 1968). Ostegunean, 19:30ean, solasaldi irekia eskainiko du Alondegi aurrean Marian Beitialarrangoitia zerrendaburuarekin batera.

Abenduko hauteskundeetan eserleku bakarra lortu zuen koalizioak Gipuzkoan. Emaitzak hobetu eta herrialdean bigarren diputatu bat lortzeko itxaropenarekin daude. Hala izango balitz, Madrilgo Kongresura helduko litzatekeen lehen zumaiarra izango litzateke Ostolaza.

Gipuzkoako bigarren zerrendaburua zara. Asko pentsatu al zenuen oniritzia eman aurretik?

Abenduan izandako emaitzen ondoren garbi genuen hausnarketa bat egin behar zela. Planteamenduan aldaketa bat egin behar zen, baina baita pertsonetan ere. Begira egon ginen zer motako pertsonak joan beharko zuten Madrilera, eta profiletako bat nirea zen. Proposatu zidaten eta, beno, politikan zaudenean, aukera bat aurrean jartzen dizutenean, nahiz eta zorabio pixka bat eman, animatu egin nintzen. Alde batetik arduratsu nago, baina, bestetik, ilusioarekin, eta harrotasunarekin ordezkatuko ditut 300.000 gipuzkoar Madrilen.

Aurreko hauteskundetan boto kopuru txiki batengatik ez zenuten bigarren diputatua lortu. Beraz, ez da kimera bat zu Madrilera joatea.

ETBren inkesta baten arabera ez genuke bigarrena lortuko oso gutxigatik; CISen inkestan, berriz, bigarren diputatua lortuko genuke. Hor gaude. Hiru alderdien artean dago jokoan diputatu hori, EAJ-PNV, Podemos eta gure artean. Bozka oso gutxiren artean dago diputatu hori.

Beraz, inoiz baino garrantzitsua izan daiteke kanpaina hau, botoemaileak erakartzeko berriro ere.

Hori da. Ez da berdina Madrilen EH Bilduren bi pertsona egotea edo hiru, lau edo bost egotea. Aukerak ere badaude Nafarroan eta Araban diputatu bana ateratzeko.

Zuk esan duzu hausnarketa egin zenutela abenduko hauteskundeen ondoren. Zaplateko galanta jaso zenuten, Amaiurren zazpi ditutatuetatik bira jaitsi zineten.

Bozka kopuruan ez zein hainbesteko hondamendia izan, baina, D'Hondt sistema aplikatuta, eserlekuetan bai. Onartzen dugu abenduko hauteskundeetarako irakurketan ez genuela asmatu. Guk esaten genuen joko eremua hemen zegoela, baina jendeak pentsatu zuen han zegoela aldaketa egiteko aukera. Hausnarketa egin ondoren, gu horretarako prest gaude, han aldaketa egitea zaila badago ere. Han egongo gara, aukeraren bat badago, aldaketa horren parte izan eta Raxoi botatzeko.

Alderdi abertzale edo independentisten kasuan bi aukera izan dira: batetik, Katalunian CUPek egin duena, hauteskunde hauetan parte ez hartzea; bestetik, ERC, EAJk edo zuek egiten duzuena, Madrilera joatea.

Garbi daukagu hara joan behar dugula guri dagozkigun eta jokoan dauden gai batzuk defendatzera. Guri afektatzen digu lan-legeria oso-osoak, politika ekonomikoak martxan jartzeko eskumenek, zergan atal batzuk (BEZak, etab.) edo, Zumaian egonik, kostari dagozkion gaiek. Horiek denak Madrilen lantzen dira. Bestalde, Estatuko beste herrialdeekin harremanak estutzeko lekua ere bada hura: galiziarrekin, kataluniakoekin, ezkerreko jendearekin... Hori da landu behar duguna.

Badira Udalerako eta Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduri botoa ematen diotenak, baina Gorte Nagusietako hauteskundeetan etxean geratu direnak edo beste alderdi bati botoa ematen diotenak. Nola erakarri botoemaile hori?

Amaiurrekin zazpi diputatu izan genituen, baina, PPren gehiengo absolutoaren garaia zen eta ez genuen eragin handirik eduki. Oraingo kasua erabat desberdina da eta aukera bat irekiko da. Bi bloke daude: PP + Ciudadanos eta PSOE + Podemos. Ezker-eskuin, teorian. Hor bi eserleku eduki edo bost eduki, ez da gauza bera. Gu izan gaitezke erabakigarriak alde batera edo bestera egiteko. Ez bakarrik presidentea aukeratzerako, baita lege pila bat erabakitzerako ere. Madrilen egotea garrantzitsua ez, ezinbestekoa da, gure bozkak beharrezkoak izan daitezke eta.

Azken legealdi frustratu honetan 'lerro gorriak' behin eta berriro aipatu dira eta lerro horietako bat zuei ezarritakoa izan da. Gainean duzuen beto edo pisu hori kentzerik izango al da?

Nik uste gauzak aldatzen ari direla. Gu hara goaz lan egitera pertzepzio hori ere aldatzeko eta aterako zaizkigun aukerak aprobetxatzeko. Nahiz eta batzuek ez duten nahiko gurekin kontatu, indarrarekin joaten bagara gure botoak erabakigarriak izango dira.

Podemos indarrean sartu da hemen eta badirudi geratzeko etorri direla. Aurrez zuen aldeko botoa ematen zuten asko orain Podemosi ari zaie bozkatzen. Nola egin aurre faktore horri?

2011ko hauteskundeetatik hona dagoen desberdintasuna da beste aldagai bat dagoela joko eremuan eta horrekin besteon aukerak gutxitu egiten direla. Podemos azaldu zen aldaketa bermatuko zuen alderdi bat bezala, eta ematen du beraiek bakarrik eragin dezaketela aldaketa hori, aldaketa hori beste batzuk ere bultzatu dezakegunean. Kontua da han gero benetako aldaketa zer izango den. Aldaketa ez da “kendu zu, ni jartzeko”. Goazen ikustera zer programa eraman behar den aurrera. Raxoi kendu behar bada, kenduko da programa baten baitan. Ikusi beharko da ea egia den erabakitze eskubidearen alde gaudela, ezkerreko programak egiten direla, lan erreforma, mozal legea eta Lomce indargabetzen direla. Gu hor egongo gara garbi daukagulako zer nahi dugun. Eta Podemosekoek argi daukate hori dena?

Gure Esku Dagok orain hamar egun antolatutako galdeketetak iritzi kontrajarriak azaldu zituzten.

Guk han hartuko ditugun erabakiak hemen hartutakoak izango dira. Hemendik hara joango den Podemoseko jendeak ez ditu erabakiak Gipuzkoan edo Euskal Herrian hartuko; hartuko dituzte, beraien partez, Madrilen. Egin beharko dute Madrildik esaten diotena. Horregatik diot gure presentzia Madrilen berme handiagoa dela lehen aipatu ditudan gaietarako.

Horiek al dira zuen ardatzak hauteskunde hauetan?

Noski. Azken urte hauetan PPk areagotu dituen murrizketa horiek denak indargabetu behar dira. Zuzenbidezko estatu batean gaude eta azken urte hauetan hamarkadak egin ditugu atzera zentzu denetan; horri guztiari buelta eman behar diogu. Gu hor egongo gara. Guk beste arerio bat dugu hemen, hara doana euskal agenda aldarrikatzera. Euskal agenda diote, baina horren barruan zer dago? Lan erreforma dago? Hemen aplikatu dute beraiek. Mozal legea indargabetu behar da? Batzar nagusietan hala diote, baina gero beraiek aplikatzen ari dira. Lomce indargabetu behar dela? Han aurka daude, baina hemen aplikatzen dute. Erabakitzea zer da? Estatu aldaketa bat soilik? Batzuk txikira jokatzera doaz Madrilera, beti bezala; gero beste batzuk daude hango tropan integratzera doazenak. Guk argi dugu zertara goazen, hori esaten ari gara jendeari.

ETAk borroka armatuarekin amaitu zuenetik, esan daiteke euskal gaiak Espainiako Kongresutik desagertu direla. Badirudi jomuga beste leku batzuetara mugitu dela. Berriz Euskal Herriaz hitz egiteko, onerako, noski, izango al da aukerarik?

Euskal gatazkari dagozkion gai asko oraindik konpondu gabe daude eta horiek mahai gainean jarri beharko dira legealdi honetan: presoen hurbiltzea, penitentzia-politikaren transferentziak, etab. Euskal Herriari dagozkion gaiak ere landu behar dira. Bost hilabete hauetan Marian Beitialarrangoitiak bost proposamen eraman ditu aurrera: Nafarroako alderdi guztiekin, UPNkin izan ezik, eskatu da errekurritutako 17 legeak ez aintzat hartzeko. EAEri dagokionak ez aplikatzea ere lantzen ari ginen. Frackingen aurkako proposamen bat ere bideratu dugu. Hasiera batean gurekin ez zuen inork kontatzen, baina, hasi ginen mugitzen, konplizitateak lortu ditugu eta proposamen horiek aurrera ateratzea lortu dugu Podemos, PSOE, ERC, PNV eta Convergenciarekin. Mugitu garelako atera dira hauek eta horretara goaz, ez medailak jartzera, Euskal Herrirako lan egitera baizik.

Presoen hurbiltzea badirudi betatuta dagoela orandik...

Ikusiko dugu eszenario berrian zer bide zabaltzen diren. PPk eta Ciudadanosek gobernua egiten badute, berriro tupust egin beharko dugu eta hemendik jarraitu beharko dugu era unilateralean lan egiten. PSOE eta Podemosen gobernua bada, lan egin beharko dugu gai horiek martxan jartzeko. Eta guk egin beharko dugu; hori ez du egingo ez PNVk, ez Podemosek. Hemen oraindik konpontzeko gauza asko daude: Presoen hurbiltzea, biktimen erreparazioa, egiaren batzordeak... Gauza horiek guztiak egiteko daude eta guk mahai gainean jarri beharko ditugu.

Ostegunean duzue hemen ekitaldia.

Bai, eguraldi ona egiten badu Alondegi aurrean egingo dugu eta txarra egiten badu Torreberriko aterpean. Oso formato alaian ari gara egiten, galdera-erantzunekin. Ostiralean Tolosan dugu ekitaldia, datorren asteartean Antiguon eta asteazkenean Azpeitian. Igandea egun handia da, baina aurretik larunbatean frontoiaren irekiera dugu hemen, Zumaian. Joateko intentzioa dugu, bi legealdi kostatu zaizkigu-eta frontoi hori aurrera eramatea. Lan asko egin dugu. Orduan, harrotasunarekin, gustura joan beharko dugu. 

Udazkenean Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango ditugu. Hau ez da geratzen.

Hau autonomikoetarako lehen itzulia izan daiteke. Autonomikoak oso garrantzitsuak dira; aldaketa bat dator. Podemosek taula aldatzen du. Lehen oso garbi bazegoen PNV eta PSEren artean gehiengoa lortuko zela, orain kolokan dago, eta horrek aukerak irekitzen ditu.

Orain ere ezker-eskuin, abertzale-ez abertzale joko horiek izango ote ditugu?

Orain Podemos dago. Podemos erabakitze eskubidearen alde dago, edo hala dio behintzat, nahiz eta gero beste mezu batzuek botatzen dituen. Hori bermatzen du eta irekitzen den bide hori hartu behar da. Lehenbiziko aldia da Espainiako alderdi bat erabakitze eskubidearen alde dagoela. Ez da agian estatus aldaketa bat lortuko, baina behintzat herriari hitza emango zaio. Hori orain arte ez dugu eduki. Urkullurekin zaila izango da, gizona... haitza mugitzea baino zailagoa delako. Baina, aukerek eta zenbakiek ematen duten lekuetan, aprobetxatu behar dira.  

Diputatu ateratzen bazara lana utzi beharrean aurkituko zara.

Enpresa hor izango da, baina nik ez dut lanean jarraituko. Beste norbaitek eraman beharko du. Lau urte daramatzat egunero joaten, baina ez bertan lan egiten. Dagoeneko egituratuta dago eta ongi lotuta utziko dut. Baina, bai, diputatu bihurtzen banaiz, hara joan beharko dut: asteartean joan eta ostegunean itzuli. Astero, ziur aski, gehi hemen egin beharreko lan guztiak. Gipuzkoako EAko presidentea ere banaiz. Berez bi kargoaz ez dira bateraezinak. Gero, ikusi beharko da lan karga bateragarria den edo ez.