Mareen informazioa Baleike.eus-en

Baleike 2016ko mai. 31a, 11:47

Gaurtik aurrera, eguneko itsas mareen informazioa kontsulta daiteke Baleike.eus-en, eguzkiaren eta ilargiaren datuekin batera. Azalean aurkituko duzue informazioa, eguraldiaren azpian; eta baita Itzurungo webkameraren orrialdean, hurrengo egunetarako Windguruk egiten duen itsasoaren prebisioarekin batera. Gainera, laster jarriko dugu mareak egunez egun kontsultatzeko aukera. 

Joan den udan webkamera jarri genuen Itzurungo hondartzari begira Zelai talasoterapiaren teilatuan, erabiltzaileek hondartzaren egoeraren informazio erreala izan dezaten uneoro. Windguruk itsasoari buruz egiten duen prebisioarekin osatu genuen, baina mareen informazioa falta zitzaigun. Azkenean lortu dugu informazio hori ere eskaintzeko modua eta martxan jarri dugu dagoeneko. Oraingoz egunekoa agertuko da, baina laster jarriko dugu egunez egun kontsultatzeko aukera, planak egin ahal izateko egiteko –gogoratu urte osoko mareen taulak argitaratu genituela Zumaiako Gidan, paperean–.

Kontuan hartzekoak

-Itsas mareen informazioa osatzeko Bilboko portuko mareografoaren datuak erabili dira, Espainiako portu zuzendaritzaren REDMAR sarekoa. Pasaiako datuekiko alde txiki bat dago beti, baina ez da adierazgarria.

-Marea astronomikoa da guk emango duguna –ilargiak eragiten duena–. Marea erabateko zehaztasunez kalkulatzeko marea barometrikoa ere hartu behar da kontuan.

-Marea barometrikoa: Atmosferak leku eta une jakin batean itsasoarekiko eragiten duen presioa. Hau da, presioa 1.013tik jaisten den milibare bakoitzeko, zentimetro bat gora egingo du mareak; aldiz, presioa 1.013tik gora egiten duen puntu bakoitzeko, zentimetro bat jaitsiko da itsasoa.