Mundu mailako primizia

Baleike 2016ko mai. 30a, 21:54

‘Maletak’ izeneko diskoa ostegunean Bilbon aurkeztuko bada ere, larunbatean Zumaian estreinatu zituen diskoko Kepa Junkerak lau abesti. Musikari bilbotarrari egindako elkarrizketa argitaratuko dugu ekaineko Baleike aldizkarian.

Kepa Junkera musikari bilbotarrak badu harremana Zumaiarekin. Txikia zela Zumaian bizi izan zituen urte batzuk eta ondoren udak pasatzera ere etorri zen. Orduko oroitzapenak barrenean gorde ditu akordeoilariak. Orain, omenaldi bat egin nahi izan dio Zumaiari eta, Jon Maiak idatzitako letra batzuez baliatuz, Marea Zumaian izeneko abestia prestatu du. Kanta hau Maletak izeneko bere proiektuaren parte da. Diskoa ostegun honetan aurkeztuko du Bilbon. Pasa den larunbat honetan, baina, Zumaian bertan aurkeztu zituen bideoklipa eta diskoko lau abesti. "Mundu mailako primizia da hau!", azaldu zien Junkerak Oxford aretoa bete zuten entzuleei.

Marea Zumaian abestian Zumaiako euskaran erabiltzen diren hainbat hitz jasotzen dira: gomexa, txoaskina, andarika... "Zumaiako hizkera hau mundura zabalduko da kanta honen bitartez", nabarmendu zuen aurkezle lanak egin zituen Josune Herrarte udal euskara teknikariak.

Kanta honekin egindako bideoa, nola ez, Zumaian grabatu zen, azken San Telmo jaietan, Algorrin eta Itzurunen. Diskoaren promoziorako erabiliko den ikus-entzunezko hau Zumaia bertan aurkeztu nahi izan zuen Junkerak, bere web gunean zintzilikatu aurretik. Ez zen horretara mugatu bilbotarraren presentzia: azken bi disko hauetan laguntzaile lanetan aritu diren Sorginak taldeko kide batzuekin, disko berrian jasoko dituen lau kanta jo zituen, inongo megafonia edo bozgorailurik gabe, "lehen egiten zen bezala". Hala, Drakian, Errekarriak, Maletak eta Marea Zumaian abestiak jo zituzten, bertaratutakoen pozerako.

Txikitako oroitzapenak

Oraingo Zumaiarekin oso bestelakoa zen herri bat ezagutu zuen Junkerak txikia zela. Bere aita Zumaiara etorri zen Paolaldean etxe batzuk egitera eta familia ekarri zuen berekin. Sanjuaniturri inguruan bizi ziren. "Gogoan dut orduko Zumaia, orduko usainak. Gogoan dut nola joaten nintzen esnea erostera, aitonarekin nola joaten nintzen Arranplara igeri egitera. Hotel Amayara joaten ginen bezeroen kotxeak ikustera. Itzurunen ikasi nuen nik igerian. Oraingo Zumaia herri ederra da, baina nik gogoan dudana beste Zumaiara hura da".

Aurretik ere bazuen Zumaiari lotutako abesti bat egiteko asmoa. "Aurreko proiektuan ez nuen lekurik aurkitu baina honetan egokia ikusi dut". Diskoaren izenean jasotzen diren maletak ez dira bidaiatzerakoan erabiltzen direnak, trikiak gordetzekoak baizik. "Gorde egin ditut. Diote pertsonetan barrena dela garrantzitsuena; maleta hauek, barrena gordetzeko balio dute". Jon Maiaren eta Andoni Egañaren kolaborazioak izan ditu diskoan.

Aurreko diskoko bideokliparen bitartez Urdaibai zabaldu zuen mundu mailan. Orain Zumaiarekin antzerako zerbait gertatzeko gogoa azaldu zuen. "Hemengo jendeak badaki hor zer dagoen, baina mundu osotik nire web gunera sartzen direnek izango dute leku hau ezagutzeko aukera".