Maria Zubimendi, konstantziaren saria

Baleike 2016ko mai. 29a, 17:01

Maria Zubimendik Musikeneko karrera amaierako kontzertuaren jendaurreko ‘entsegua’ eskaini zuen Oxford aretoan. Datorren irailetik aurrera bi urteko masterra egingo du Suitzako Basilean.

Samurtasunetik abiatuta, entzule ezjakin batentzako kakofoniatik hurbil dagoen pasarte batera eraman zaitzake segundo gutxiren tartean bere eskusoinuarekin. Akordeoia aipatzean Sena ibaiaren erriberetan kokatutako tabernetara garamatza irudimenak; baina, abangoardiatik hurbil egon daitekeen instrumentua izan daitekeela erakutsi zuen beste behin ere Maria Zubimendi zumaiarrak pasa den asteartean Alondegiko Oxford aretoan emandako kontzertuan.

Zumaiako instrumentista gazte honek ikasketak amaituko ditu ekainean Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian. Karrera amaierako kontzertua eskainiko du ekainaren 8an, Donostian, eta hitzordu garrantzitsu honetarako aukeratutako errepertorioa jo zuen asteartean. Jendaurreko entsegu honetan ez zituen aukeratutako obra guztiak jo. "Obra baten perkusioaren laguntza izango dut eta beste batean txistuarena. Txistulariak ezin zuen etorri eta horregatik lau obra besterik ez ditut joko", azaldu zigun kontzertua hasi aurretik.

Obra hauetan, Ibarrondoren Arinkan, Guinjoanen Sonidos de la tierran eta Jesus Torresen Cadenciasen, doinu goxoak eta karrankariagoak partekatu zituen. Entzule batek, amaieran, galdetu zion ea nola idazten ziren zarata eta kolpe horiek partituretan.

Amaitzeko, eta entzuleen gozamenerako, Astor Piazzolla maixu eta bandoneon-jotzailei argentinarraren Le grand tango zirraragarria jo zuen. Pieza honetan Agate Amilibia biolontxelistaren laguntza izan zuen. «Ganbera musikako ikasketak batera egin ditugu azken urte honetan eta gaur nirekin egotea eskatu diot», adierazi zien aretoa bete zuten entzuleei. Piazzollak tangoaren mundua aldatu zuen bere bandoneonarekin, askatu egin zuen (Libertango hilezkorra hor utzi zuen), eta horren zipriztinak aste honetan Oxfordera heldu ziren bikote honi esker.

Akordeoiaren teklei lehen ukitua eman aurretik, musikaren mundu ezkutuan murgiltzen da Maria, edo, hobe esanda, musikak bera hartzen du. Aktore onenak pertsonaiaren gorputzean sartzen diren bezala, Mariak musika-notatan barrena egindako bidaia eskaintzen du. Behin obra amaitzen denean, segundo pare bat behar ditu konposiziotik atera eta txaloka ari diren entzuleei irribarre bat eskaintzeko.

Gaztea da Maria, 21 urte besterik ez ditu, eta bizitza erdia baino gehiago darama akordeoiarekin. Sei urterekin hasi zen akordeoia jotzen Zumaiako musika eskolan eta beredatzirekin Irunera joaten hasi zen Miren Iñargarekin ikastera. Zergatik aukeratu zuen akordeoia? Berak ere ez daki ziur. "Intuizioa izango zen", zioen orain hilabete batzuk.

Arrasate Hiria akordeoi lehiaketan sarritan hartu du parte. Ez hori bakarrik: maila guztietan, infantil, junior eta senior mailetan saritua izan da. Nazioarte mailako beste lehiaketa batzutan ere hartu du parte, Italian eta Alemanian, hurrenez hurren.

Orain, Musikeneko ikasketak amaituta, bi urteko master bat egingo du Suitzako Basilea hirian. Musika garaikidea ikasiko du bertan. «Nire instrumentua ikastea bakarrik ez, master honetan ensemblea ikasteko aukera izango dut», aipatu zigun emanaldiaren amaieran. Ez du Euskal Herria erabat atzean uzteko asmoa. "Hirukoteko proiektua ere hor dugu martxan. Oraindik gerra emango dut hemen".