Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen Elkarteak kudeatuko du aterpetxea

Baleike 2016ko mai. 25a, 19:45
Gero eta erromes gehiagok hautatzen du kostaldeko bidea.

Ekainaren 1etik irailaren 30era egongo da zabalik Komentuko aterpetxea. Kudeaketa eredua aldatzea erabaki du Udalak eta erromesek borondatearen truke erabili ahal izango dute.

Gero eta gehiago dira Donejakue bidea kostatik egiten duten erromesak, eta eskaera horri erantzuteko Komentuko aterpetxea zabaltzen du urtero Zumaiako Udalak, uda partean. Iaz erabaki zuten ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte luzatzea zerbitzua, eta lau hilabete horietan 2.000tik gora lagunek hartu zuten ostatu Komentuan. Aurten ere lau hilabetez eskainiko du zerbitzua, baina kudeatzeko eredua aldatzea erabaki du Udalak. Aurreko urteetan lehiaketa bidez esleitu izan da aterpetxea zaintzeko zerbitzua, baina aurten Gipuzkoako Donejakue Bide Lagun Elkartea arduratuko da, Udalarekin sinatutako hitzarmena medio.

1987an sortu zuten elkartea, Donejakue bideak berreskuratu eta ezagutzera emateko; eta 1991tik Gipuzkoako hainbat aterpetxe kudeatzen dituzte. Irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, lan boluntarioan oinarritzen dira. Erromesek borondatearen truke erabili ahal izango dute aterpetxea, eta diru horrekin elkartea bera arduratuko da sortzen diren gastuak ordaintzeaz: ura, argindarra, garbiketa... Horrez gain, bildutako diruaren heren bat Zumaiako Caritasi emango diote –hala egiteko ohitura dute beste herrietan ere–. Gehienez 25 erromesentzako lekua izango du Komentuko aterpetxeak, eta egunero egongo da zabalik 15:00etatik 22:00etara.

Unescok munduko ondare izendatu du kostaldeko bidea, eta urtetik urtera areagotuz doa Donejakue bide honekiko interesa. Erromesen eskaera urtetik urtera gorantz doala ikusirik, momentu egokia izan daiteke aterpetxea behar bezala prestatu eta eta urte osoan zabaltzeko.