Itxaropena ez da inoiz galdu behar

Baleike 2016ko mai. 21a, 01:40

Ttakun Pulpo emakumezkoen kadete taldeak sektore faseko A multzoko lehen partida jokatu du gaur Pontevedrako Porriño herrian, Galizian, etxeko taldearen aurka. Helburuak ez dira esperotakoak izan; zumaiarrek galdu egin dute Porriñokoen aurka eta, ondorioz, nahiko zaila dute Espainiako txapelketako azken fasera sailkatzea.

Zaplateko galanta jaso dute gaur Ttakun Pulpo taldeko neskek. Partidaren amaieran jokalari batzuek zuten aurpegiak agerian uzten zuten barrutik zer zeramaten. Ilusioz betetan atera ziren Porriñoko udal kiroldegiko pistara, baina, oraingo honetan, aurkari sendo bat izan dute aurrean. Galiziarrek merezimendu osoz irabazi dute partida.

Gaurko partida irabaztearen garrantzia azpimarratzen zuen Pablo Gutierrez entrenatzaileak norgehiagoka hasi aurretik eta datozen egunotan aurkari izango dituzten BM. Gijon eta BM. Valle Buelna taldeek jokatutako partida ikusita. Joko gutxiko partida izan da fase honi hasiera eman diona. Ia defentsarik ez da izan eta bi taldeak korrika aritu dira zelaiaren alde batetik bestera. Asturiarrek irabazi dute partida 40-26 emaitzarekin. Partida hau ikusita, berebiziko garrantzia zuen Porriñoren aurkako partida irabazteak, beste bi kluben aurkako partidak irabaztea posiblea izan zitekeelako.

Oso bestelakoa izan da bigarren partida hau, lehen zatian behintzat. Defentsan ederki aritu dira bi taldeak eta kiroldegira inguratu diren zaletuei (Zumaiatik inguratu direnak ere izan dira oraingoan ere) ikuskizun polita eskaini diete.

Gogor atera dira galiziarrak eta ia ohartu gabe 2-0 emaitza jarri dute markagailuan. Zumaiarrek berehala lortu dute berdinketa. Defentsa lan ona egiteaz gain, txukun aritu dira erasoan eta lehen zati honetan aipagarria izan da Aitana Iraundegiren lana. Ezkerretik bereziki, zenbait gol eder lortu ditu. Joko ona ez da, baina, nahikoa tartea zabaltzeko markagailuan. Gehienez gol bakarreko aldea izan dute zumaiarrek bere alde eta berdinketak ugariak izan dira. Lehen zatiaren amaieran Pulpok izandako hutsegite batzuez baliatu dira etxekoak bi aldeko aldea zabaltzeko. 15-13 emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Urduritasunagatik edo nekeagatik (kontutan hartu behar da hamar ordu eta erdiko autobus bidaia egin ondoren jokatu dutela partida. Horrez gain, jokalari batzuk lesio batzuetatik errekuperatu berriak daude), aldea jaitsi beharrean, handitu egin da bigarren zati hasieran. Partida hasieran bezala, Porriñok bi gol sartu ditu berehala, baina, oraingo honetan, ez da egon erreakziorik. Justu kontrakoa. Hiruzpalau minutu behar izan ditu Pulpok bigarren zatiko lehen gola sartzeko eta minutu horietan aldea zabaltzen joan da: hiru, lau, bost, sei golekoa. Partidaren zati horretan Sara Torrikok hartu du taldea bere bizkar gainean eta hiru gol sartu ditu jarraian. Bere erasoei esker, taldea berriro partidan sartu da. Baina minutu gutxirako izan da, eraso kaxkar batzuen ondoren, aldea nabarmen zabaldu baitute galiziarrek: zazpi, zortzi, bederatzi gol. Une horretan, jokoa makaldu eta jokaldiak pentsatu beharrean, urduri eta presaka aritu dira. Baloi galtze bakoitza galiziarren gol bat zen, bereziki hegaletatik heltzen zirenean. Partidaren amaieran, Oihana Unanuek hartu du ardura eta aldea jaistea lortu du Partida 34-26 emaitzarekin amaitu da galiziarren alde.

Lehen partida hau galduta, Ttakun Pulpo taldeak ez du erraza izango fasea irabaztea, Porriñok ere multzoko bi talde kaxkarrenen aurka jokatu beharko du eta. Itxaropena, baina, ez da inoiz galdu behar. Larunbat honetan bertan BM. Gijon taldea izango du aurkari, 16:00etatik aurrera.