Pintura tailerreko ikasleen erakusketa zabaldu da Oxford aretoan

Baleike 2016ko mai. 19a, 21:42

Tailer honetan parte hartzen duten 25 lagunen lanak erakutsiko dira. Ekainaren 5era bitartean izango da ikusgai Alondegia kultur etxeko erakusketa aretoan.

Pintura tailerraren 2015-2016 kurtsoan ikasleen egindako lanen bilduma bat erakutsiko da egun hauetan eta ekainaren 5era arte Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan. Tailer honetan parte hartu duten 25 lagunen lanak izango dira ikusgai.

1992an jarri zen martxan tailer hau Foronda kultur etxean eta urte hauetan Ander Hormazuri artista zumaiarra izan da irakaslea. "Nire lanaren erdia irakaslea izatea da; beste erdia, berriz, psikologo lanak egitea", dio Anderrek erakusketa zabaldu aurretik. "Denei atentzio berdina eman behar zaie, hasiberriak izan edo urte asko eraman tailer honetan".

24 urte hauetan makina bat pertsona pasa dira Forondako sarreran egokitutako pintura geletatik. "Badira urte asko daramatenak eta baita hasi, utzi eta handik urte batzuetara itzuli direnak ere. Azken aldian 30 bat lagunetan egonkortu da kopurua eta erakusketa honetan 25en lanak erakusten dira".

Ohikoa den bezala, estilo mota desberdinak lantzen dituzte ikasleek, beraien interesen arabera. "Beraiek aukeratzen dute zer nolako margoak egin nahi dituzten: figuratiboak, paisajeak, detaile handikoak... Aurrera egiteko eta maila batera heltzeko lan handia egin behar da; ez da urtebeteko kontua". Ikasle batzuek lortutako mailarekin ezusteko positiboak izan dituela onartzen du. "Beraien bizibidea hemendik pasa ondoren lortu duten iksleak ere izan ditut".

Forondara igotzen den batek emakume edadetuak ikusi ohi ditu pintura gelan. Okerreko irudia dela dio Anderrek. "Egia da edadetuak daudela, baina adin desberdineko jendea dut. Bere momentuan unibertsitaterako sarrera prestatu nahi zuten bi neska izan nituen, adibidez".

Ikaslegoaren gehiengo handi bat emakumeek osatzen dute, baina hori ere aldatzen ari dela dio Anderrek: "Lehen gizonezko bat azaltzen bazen, segituan alde egingo zuen. Orain bost bat gizonezko ditut tailerrean. Kafea hartzeko geldiune bat zegoenean, norbaitek beti esaten zuen, ‘chicas, la hora del cafe’ eta nik isildu behar izaten nuen. Orain ‘chicas’ hori esaten dutenean esan dezakegu, ‘eh, gizonezkoak ere bagaudela!’".