Erregionaleko Zumaiakok maila mantentzeko kanporaketa jokatuko du Martuteneren aurka

Baleike 2016ko mai. 19a, 14:23

Denboraldi hasierako asmoak ez ziren hauek izango, baina 30 partidaren ondoren Zumaiakoren lehen taldea, erregionalekoak, sailkapeneko azken postuetan amaitu du urtea. Orain maila mantentzeko kanporaketa jokatuko du Martuteneren aurka. Joaneko partida larunbat honetan jokatuko da Aita Marin.

Bi taldeek, Martutenek lehen multzoan eta Zumaiakok bigarrenean, 14. postuan amaitu dute denboraldia. Multzo bakoitzeko azken bi klubek (Lengokoak eta Amara Berrik lehen multzoan, eta Usurbilek eta Antzuolak bigarrenean) zuzenean galdu dute maila. Azken hirugarren postuan amaitu duten biek, berriz, elkarren artean jokatuko dute gorengoen maila ez galtzeko. 

Jardunaldiak aurrera joan ahala, Zumaiako sailkapeneko zuloan sartu da. Bigarren multzoan maila galduko zuten bi taldeak aski ezagunak ziren (Usurbilek eta Antzuolak 13na punturekin amaitu dute) eta kanporaketa jokatzera behartzen zuen 14. postu hori ekiditea zen denboraldi amaierako helburu nagusia.

Azken bost jardunaldietan erreakzio ederra izan dute gorriek eta 15 puntutik 10 eskuratu dituzte. Ez da, baina nahikoa izan. Bere partida irabazteaz gain (1-4 irabazi zion Aretxabaletari), Ilintxa taldeak lortzen zuen emaitzaren zain egon behar zuen. Teorian, partida zaila zuten legazpiarrek, Amaikak Bat liderraren aurka neurtzen baitziren Deban. Etxekoen denboraldia txapela kentzekoa zen: 12 garaipen, bi berdinketa eta porrot bat bera ere ez etxean. Porrota, baina, azken egunerako utzi zuten, Ilintxak 3-4 emaitzarekin irabazi baitzuen partida eta, ondorioz, arriskutik ihes egitea. 32 punturekin amaitu du urtea Ilintxak; Zumaiakok, berriz, 31 puntu eskuratu ditu.

Orain, maila mantentzeko, kanporaketa jokatu beharko du lehen multzoko 14. sailkatuarekin, Martutenerekin hain zuzen ere. Joaneko partida larunbat honetan bertan jokatuko da Zumaian, Aita Mari futbol zelaian, 16:30etik aurrera. Itzulerakoa Martuteneko futbol zelaian jokatuko da datorren asteburuan.