Ttakun Pulpoko neskak ostiral goizaldean abiatuko dira Galiziarantz

Baleike 2016ko mai. 18a, 20:35

Iaz jubenil mailako Pulpoko mutilek eraman zuten zoramena Lubaki kiroldegiko harmailetara. Ia-ia, Espainiako txapelketa irabazi zuten F.C. Barcelonari aurre eginaz. Aurten kadete mailako Pulporen neskatan daude jarrita Zumaiako eskubaloizaleen ametsak. Ttakun Pulpo taldeak Espainiako txapelketako fasea jokatuko dute Galiziako Porriño herrian. Baleikeko kazetari bat taldearekin joango da Galiziara.

Ostiralean goizeko 5:30ean abiatuko dira autobusez Pontevederara. Bederatzi bat orduko autobus bidaiaren ondoren, egun horretan bertan, iluntzeko 8tan jokatuko dute faseko lehen norgehiagoka, etxeko BM. Porriño taldearen aurka. Larunbatean, 16:00etan, BM. Gijon taldea izango dute aurkari eta igandean, goizeko 10:30ean, Vallebuena kantabriarrak. Zumaiarrak ez bezala, lesioak medio laugarren postuan sailkatu zirenak Euskadiko txapelketan, beste hiru taldeak beraien autonomia erkidegotako txapeldunak dira. Faseko irabazlea bakarrik sailkatuko da Espainiako txapelketa jokatuko duten azken fasera. Bertan estatuko zortzi onenek hartuko dute parte.

Ttakun Pulpoko neskek lesioak izan dituzte aurkari nagusienak denboraldi honetan. Ederki hasi zuten urtea. Gipuzkoako txapelketa jokatuaz hasi zuten denboraldia, irailean. 12 garaipenekin eta porrot bakarrarekin amaitu zuten txapelketa, bigarren postuan. Euskal Ligarako sailkatu ziren ondoren, sailkatze fasean partida denak irabazi ondoren.

Euskal Ligako lehen fasean ere maila bikaina erakusten ari ziren zumaiarrak eta, lau garaipen jarraian lortu ondoren, bi jardunaldiren faltan, Euskadiko txapelketarako faserako sailkatu ziren. Hor, Kukullagaren aurkako zorigaiztoko partida etorri zen. Etxebarrin jokatutako partidan Oihana Unanue eta Aitana Iraundegik lesio larriak izan zituzten (Hiru aste lehenago, Kukullagaren aurka baita ere, Leire Mendizabal ere lesionatuta erori zen). Zorigaiztoa ez zen amaitu eta entrenamendu batean Maite Urteagak meniskoa eta lotailua hautsi zituen. "Ia ohartu gabe, denboraldia okertu zitzaigun", zioen Pablo Gutierrez entrenatzaileak.

Euskadiko txapelketako lauko finalera talde murriztua aurkeztu zuen Pulpok. Elgoibar eta Ereintzaren aurka ez zuten aukerarik izan, baina irabazle suertatu zen Aiala zarauztarren aurka berdinketa lortu zuten. Laugarren sailkatu ziren txapelketan. "Baina, Espainiako txapelketarako lau postu zeuden, animatu gara eta han goaz Porriñora".

Baleikeko kazetari bat taldearekin batera joango da Galiziara. Partiden berri emango du egunean bertan www.baleike.eus web gunean.