Ceferino Peñari omenaldia: "Bake eta itxaropen mezua zabaldu nahi dugu gaur Arroatik"

Baleike 2016ko mai. 15a, 20:30
Ceferino Peñaren senideak, gaur Arroa Beheko herriak eskaini dion oroitarriaren aurrean. Argazkia: Gorka Zabaleta

Duela 36 urte ETAk hildako Ceferino Peñari omenaldi hunkigarria eskaini diote gaur eguerdian Arroa Beheko bizilagunek. Oroimena eta oroimina uztartu dira herriko plazan, itxaropenez betetako hitz ederrez jantzita. "Atzera begiratu baino, aurrera begiratzeko" eskatu du Inaxio Gonzalezek familiaren eta ekitaldiko antolatzaileen izenean. Ekitaldian izan dira Ceferinoren alaba, alarguna eta gainontzeko senideak, dozenaka lagun eta herritarren babesean.

Gaur arte bi oroitarri zeuzkan Arroa Beheko oroimenaren txokoak: Joxe Mari Kortarena albo batean, gerra ostean herrian preso egondako errepublikarren omenezkoa bestean. Gaur eguerditik hirugarrena du erdian, Ceferino Peñarena. "Zorra genuen Ceferinorekin, eta ilusio handiarekin gaude zorra kitatu dugulako", adierazi du Inaxio Gonzalezek. Izan ere, ETAk duela 36 urte Ceferino auzokidea hil zuenetik barren-barrenean gordeta eraman duten mina askatzeko eguna izan da gaurkoa; gorrotorik gabea, itxaropenez betea.

San Isidro Eguneko meza ospatu eta gero bildu dira herritarrak plazan. Hantxe daukate oroimenaren txokoa, arbola eder baten gerizpean. Joseba Ossa ekitaldiko gidari, Zestoako alkate eta Arroa Beheko bizilagun Josetxo Mendizabalek hartu du lehen hitza, eta belaunaldi berriei utzi die mezua: "Belaunaldi berriek jakin dezatela nora garamatzaten intolerantziak, bidegabekeriak, elkarbizitzaren hondatzeak eta ideia ezberdinak ez errespetatzeak. Hauek nor ziren galdetzen dutenean, guk erantzungo diegu pertsona normalak zirela; bakoitzak bere bidetik, bizitza hobetzen ahalegindu ziren auzokideak zirela".

Galdera bat ere bota du Mendizabalek: "Hainbeste erori behar al izan dira gaur egun gauden lekura iristeko? Zergatik? izan da gure buruari egin izan diogun galdera hilketa hauen aurrean. Ondoegi ezagutzen genituen Ceferino eta Joxe Mari konturatzeko galdera horrek ez daukala erantzunik". Herri honek "bakearekin, elkarbizitzarekin eta esperantzaz betetako etorkizun batekin" egingo duela aurrera gehitu du: "Seguru nago beraiek horixe nahi zutela guretzat".

Kristina Peñaren mezua

Jarraian, Ceferino Peñaren omenezko oroitarra zabaldu dute bere senideek. Kristina alaba arduratu da oihala altxatzeaz, eta ondoren lore eskaintza egin dute.  Zestoako txistulari eta dantzariek aurreskua eskaini dieta, eta musika saio goxoa Arkaitz pianojoleak eta Haizea sopranoak; bat baino gehiago hunkitu dute Jexux Iribar Olalde-ren bertsoek eta Rafa Bravoren poesiak [grabazioak entzun ditzakezue albistearen amaieran]. Eta etorkizun eta itxaropenez betetako mezua jarraian Kristina Peñak eman duena —Joxe Mariren iloba Esti Kortak irakurri du–. Horrela dio:

"Begiak zabaldu eta aurrera begiratzean, begiak itxi eta atzera begiratuko banu bezala da. 36 urte atzera egin banu bezalaxe, hantxe egon baitzineten orduan, eta hementxe baitzaudete gaur ere. Gertaera lazgarria ordukoa; gogorra, latza denontzat, bai zuontzat eta guretzat; galera izugarria. Batzuentzat seme, besteentzat, anai, senar, lagun edo aita. Aurrera egin dugu ordea, berak egiten erakutsitako irribarre, umore eta borondate onarekin; nola bestela?

Alaitasunean murgilduta, nahiz eta askotan egon malkoz bustita; segi aurrera, berarentzat opari hobeagorik ez dago eta. Gorrotorik gabe, guztion mina sentituz, bestearen lekuan jarriz eta ikusirik pixkanaka-pixkanaka bake bide irekiagoa dagoela, hain ederra den bide hori, zabala, denentzako lekua dagoena, asmo txarrik gabea, mina egitea gorrotatzen duen bidea. Jarrai dezagun bide hori txukuntzen eta argia jartzen, ordukoak ezin baitu berriro gertatu, ez baitu inork merezi, ez baitzuen inork merezi. Bera gogoratzen jarraituko dugu eta elkarri babesa eta begirada ziurrak eskainiko dizkiogu. Hori baita orain arte egin duguna eta guri gustatuko litzaigukeena".

Arroako bizilagunen mezuarekin amaitu du Inaxio Gonzalezek ekitaldia: "Arroatik, gaur, bakea, itxaropena eta ilusioa zabaldu nahi ditugu, ez dugu atzera begiratu nahi. Minaren eta gorrotoaren kudeaketa oso intimoa da, eta soilik barruan bakea sentitzen dugunean gaindituko ditugu benetan amorrua eta gorrotoa. Denok bakea sentitu behar dugu, hori da bide bakarra. Kristinak aipatzen dituen bake bide zabal horietatik joan behar dugu. Ez dago gehiago esan beharrik".

Mezuak bukatu direnean eta plazan bildutakoei esker ona adierazteko, oholtzara igo da Kristina Peña eta, lagunarekin, Pantxoa eta Pelloren Azken dantza eta fandango bat jo dituzte, trikitixarekin.