ETAk hildako Ceferino Peña omenduko dute igandean Arroa Behean

Baleike 2016ko mai. 12a, 10:12

ETAk 1980an hil zuen Ceferino Peña goroan izango dute igande honetan Arroa Behean. Bere aldeko meza izango da eta oroitarria jarriko dute auzoan dagoen Oroimenaren Txokoan. Ekitaldia 11:45an hasiko da, meza batekin. 

Hemen duzue Narrondoko bizilagunek, Arroa Beheko Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak prestatutako oharra:

Datorren igandean, maiatzak 15, Ceferino Peña Zubia zena izango da gogoan Arroa Behean eta auzo horretako “Oroimenaren Txokoan” oroitarria jarriko da. Ekitaldia Narrondoko bizilagunek, Arroa Beheko Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak antolatu dute.

Ceferino Peña 1980ko maiatzaren 16an hil zuen ETAm-k Arroan. 30 urte zituen eta Arroako karrozeria-tailer baten jabea zen, Narrondon. Emaztea eta alaba zituen. Gerora, ETAk “hutsegitea” izan zela adierazi zuen, helburuz nahasi zela.

Ekitaldia 11:45ean hasiko da, meza berezi batekin. Ondoren, txalaparta soinuz, eliza ataritik plazara joango da jendea ekitaldiari hasiera ematera. Hortik aurrera, adierazpenen tartea izango da eta musikak eta olerkiak ere izango du bere tartea. Unerik hunkigarriena izango da Ceferino Peñaren familiak oroitarria bistaratuko duen momentua eta lore eskaintza.

Eta zergatik, Ceferino hil eta 36 urte geroago, jartzen da oroitarria? Umetako eta eskola garaiko lagun batek, bat-batean, bilera baten amaieran, esan zuen: “Horrekin ere ba dugu zorra”. Eta, horrela, lozorroan dagoen zerbait balitz bezala, aipamen hura izan zen Ceferinoren oroimenezko lehen harria jartzea bezalaxe. Handik aurrera, Arroa Beheko Ezkaizto elkarteak, Narrondoko bizilagunek eta Zestoako Udalak lanari ekin zioten.

Arroa Beheko Memoriaren Txokoak Ceferino Peñaren oroitarria izango du hemendik aurrera, bere lagun Jose Mari Kortaren eta gerra ondoren behartutakoa lanean ibilitakoen oroigarrien ondoan.

Ekitaldi alai, itxaropentsu eta aldi berean hunkigarria izan nahi du eta, batez ere, baikorra Korta eta Peña ziren bezalakoa. Arroatik zabaldu nahi den mezua edo gonbitea zera da, bakea eta konponbiderako bidea denon artean egitea. Hori da gure omenaldi handiena.