Batxilergoa eskainiko dute Maria eta Josen datorren kurtsotik aurrera

Baleike 2016ko mai. 5a, 19:00

Zumaiako Maria eta Jose ikastetxearen hezkuntza eskaintzak hobekuntza nabarmena izango du datorren ikasturtetik aurrera. Izan ere, batxilergoa eskaintzen hasiko da ikastetxe hau 2016-2017 ikasturtetik aurrera.

«Hasiera batean derrigorrezkoa zen hezkuntza ematen genuen, 3 urtetik 16 urtera bitartekoa, baina, ikasle eta gurasoen beharrei erantzuten, eskaintza handitzen joan gara eta, gaur egun, 0tik 16 urtera bitarteko hezkuntza eskaini izan dugu. Batxilergoarekin unibertsitatera arteko hezkuntza emango dugu ikastetxe bertan», dio Joxean Etxabek, Maria eta Jose ikastetxeko zuzendari pedagogikoak. Berekin da Isaak Aranberri, ikastetxeko zuzendari titularra.

Ikastetxean ematen duen eskaintzari batxilegoa gehitzeko proposamena aztertzen hasi ziren orain urte batzuk eta, gurasoekin hitz eginda. «Orain arte, Zumaian, Institutuan ematen zen batxilergoa. DBHa amaitzen zutenean gure ikasleak Institutura edo Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikora (lehengo Antonianoak) joaten ziren. Gurasoekin hizketan, batxilergoa ezartzeko ideia azaldu genien eta gehiengo batek ontzat eman zuen».

Ikasturte honen hasieran, amets hura egi bihurtzeko lehen pausoak eman zituzten. «Eskaera egin ondoren, Hezkuntza Saileko ikuskatzaile bat izan genuen aztertzen ea eskolak batxilergoa hartzeko baldintzak betetzen zituen. Guk zortea dugu eraikina handia delako», gaineratu dute bi zuzendariek. Horrez gain, bailara mailan eskaintza honen beharrik antzematen zen ere aztertu zuen Eusko Jaurlaritzak. «Herrikoez gain, Getariako eta Aizarnazabalgo zenbait ikaslek ere Zumaian egiten dituzte DBHko eta batxilergoko ikasketak. Horregatik, beste ikastetxe batean batxilergoa ezartzeko baldintzak betetzen zirela ondorioztatu zuten».

Aste Santuaren ondoren jaso zuen ikastetxeko zuzendaritzak Hezkuntza Sailaren baiezkoa. «DBH amaitzen ari diren ikasleekin hitz egin genuen eta ezustekoa hartu zuten. Bazekiten honen atzetik genbiltzala, baina, agian, ez zuten esperoko hain azkar lortuko genuenik. Batzuek eskolaz aldatu edo beste herri batera joateko ideiak izango zituzten. Baina, beraiekin eta haien gurasoekin hitz eginda, badugu datorren urtean batxilergoarekin hasteko nahikoa ikasle.

Datorren ikasturtetik aurrera bi modalitate eskainiko dira, ‘Zientziak’ eta ‘Giza eta Gizarte zientziak’. «Gainera, modalitate zein hautazko arloetan talde txikitan lan egiteko aukera izango dute ikasleek, ondorioz, arreta eta jarraipen pertsonalizatua izango dute».

Aurreko mailetan eskaintzen zen tutoretza ordua mantenduko da eta, baita, orientazio zerbitzua ere. Instalakuntzak orduz kanpo erabiltzeko aukera ere izango dute ikasleek. Ikastetxea eskaintza berrira egokitzeko obrak ere egingo dira. «Gela arruntak, laborategia, tailerra… berritzeaz gain, eztabaidarako, ideiak elkarbanatzeko, aurkezpenak egiteko, erlaxatzeko… gune bereziak izango dituzte ikasleek».

HAUR ESKOLAKO ATE IREKIAK

Maiatzak 7, larunbata, goizeko 10:30etik 12:00etara. M&Jeko Haur Eskolaren ezaugarri nagusien azalpenak, 'Aske' metodologiaren aurkezpena eta haur eta gurasoentzat esperimentazio tailerra.

• HAUR MASAJEA

Maiatzak 12, osteguna, 17:00etatik 18:15era, Ardatza fisioterapia zentroak eskainirik, 0 urteko umeei zuzenduriko haur masaje tailerra. Espazioa antolatu ahal izateko, 943860462 telefonora deituz izena eman dezakezue. Plaza mugatuak.