Shanty Oriaren erakusketa zabaldu da Oxford aretoan

Baleike 2016ko api. 28a, 19:00

Surrealismo ukituak dituzten margo figuratiboak eta eskulturak erakutsiko ditu. Maiatzaren 15era arte bisitatu daiteke erakusketa hau.

«Nik Cambridge-en ikasi nuen», zioen Shanty Oriak seriotasun guztiarekin; «Zumaian Oxford badago, esan daiteke nik Cambridge-en» ikasi nuela», gaineratu zuen erakusketaren zabaltze ekitaldian. Zumaian zabaldutako erakusketa honetan margo eta eskultura sorta bat erakutsiko ditu Oriak (Elgoibar, 1944). «Hogeitik gora eskultura ditut, baina, sei bakarrik ekarri ditut».

Soldaduska amaituta hasi zen artegintzan lanean, autodidakta moduan, «lanak eta beste betebeharrek uzten zidaten denboran. Esan daiteke asteburuak ematen nizkiola jarduera honi eta hor ere ordu gutxi batzuk».

Bere margoak «figuratiboak» bezala definitzen ditu, baina, «beti surrealismo ukitu batekin. Argazkiak hartzen ditutu modelo bezala, baina beti moldaketak egiten dizkiot. Paisaiak, erretratuak eta ate zahar batzuk erakusten ditut. «Ateak bai, horiek nire irudimenetik sortutakoak dira».

Erakusketa hau maiatzaren 15era bitartean izango da zabalik Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.