Zumaiako hiru gazte doaz Greziara Zaporeak taldearekin kolaborazioan

Baleike 2016ko api. 27a, 20:24
Harrera taldeko kideak, kontzertuak iragartzeko kartelekin. Argazkia: Sara Utrera

Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeko bi lagun, Nerea Eizagirre eta Libe Aizpuru, eta Bartzelonan argazkilaritza ikasketak egiten ari den hirugarren zumaiar bat, David Juliá, Greziako Quios irlara joango dira Ekialde hurbil eta ertaineko gerretatik ihesika dauden errefuxiatuen egoera ezagutu eta, Donostiako Zaporeak taldearekin kolaborazioan, pertsona hauei laguntza ematera. Nerea eta Libe bihar dira joatekoak; David, aldiz, datorren astean joango da.

«Taldearen hasierako helburua ez zen Greziara joatea. Orain hilabete batzuk martxan jarri genuenean pentsatzen genuen dagoeneko errefuxiatu hauek hemen egongo zirela, eta haurrak eskolara eramaten eta hizkuntzekin laguntzen egongo ginela. Baina ikusita zer genozidio ari den gertatzen inguru hartan eta Europar Batasuna zer nolako neurriak hartzen ari den, gure ideiak ere eboluzionatzen joan dira eta zerbait egin beharra zegoela pentsatu dugu», azaldu du Nerea Eizagirrek.

Donostiako Zaporeak taldea egiten ari den lana ezagutzeak zer ikusi handia izan du bidaia hau antolatzerakoan. «Ez da gobernuz kanpoko erakunde bat. Mediterraneoan gertatzen ari den tragedia ikusita mugitu egin diren edadetu batzuk osatzen dute Zaporeak. Hara joan zirenean ikusi zuten errefuxiatuei laranja bana ematen zietela, gehiago ez. Hori ikusita, dena utzi eta janariak banatzen hasi ziren».

Gaur egun milaka jatordu banatzen ditu talde honek Lesbos irlatik hurbil dagoen Quios irlan. «Janari eta diru bilketa egiteko ideia izan genuenean, beraiekin jarri ginen harremanetan. Esan ziguten gurea bezalako herri mugimenduei esker egin zutela aurrera eta horrek guri ere indarra eman zigun. Beraiek dira inguru hartan benetan laguntzen ari direnak», gaineratu du Libek. Zaporeak taldeko lagunez gain, Getariako eta Zarauzko sorosleak ere irla horretan dira laguntza lanetan.

Janari bilketa eta jaialdia

Aste honetan bertan iragarri bezala, janari bilketa bat jarri du martxan Harrera taldeak. Astean zehar bilketa ikastetxe mailan ari dira egiten. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean herri mailan egingo da, Eroski, Dia eta Itsaski saltokien aurrean. Herriko beste saltokiren batek ekintza honetan parte hartu nahiko balu, zumaiakoharrerataldea@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezake.

Ez da hau talde honek antolatutako ekintza bakarra izango. Izan ere, datorren asteburuan, maiatzaren 6an eta 7an, zenbait kontzertu egingo dira errefuxiatuen aldeko diru bilketa egiteko. Ostiralean Torreberri Gaztetxean (22:30ean) izango da kontzertua eta larunbatean (22:00etan) Maria eta Joseko aretoan. Kontzertuen sarreretatik eta borondatearen bidez jasotako dirua Zaporeak taldeari emango zaio bere osotasunean.