'Bihotz salataria' antzezlana, bihar, Alondegian

Baleike 2016ko api. 27a, 11:30

Edgar Allan Poeren idatzietan oinarritutako Bihotz salataria antzezlana emango du bihar, osteguna, 20:00etan, ATX teatroa taldeak Alondegian. Sarrera doan da.

Sinopsia:

Zoroaren argudioak, psikopataren perfekzionismoa, hiltzaile zuhurra eta zorrotza. Delitu ikaragarriena, zitalena... babesgabeko agurea hiltzen du, zatitu eta tarimaren azpian ezkutatu. Polizia ikertzera dator, oihuren bat entzutean norbaitek abisua eman diolako. Hiltzaileak, bere zereginaren perfekzionismoaz harro, etxe barrura gonbidatu, dena ordenean dagoela erakutsi eta eurekin batera jesartzen da lasai-lasai solasean.

Garaipena dastatzen dagoelarik, bere buru barruan, agurearen bihotz-taupadak entzuten hasten da, hasikeran astiro-astiro eta motel motelean, baina bere buruko burrunba hori gero eta ozenago egiten da, gero eta zoliago entzuten dira taupadok, jasanezin bihurtu arte. Errealak edo imajinarioak diren taupada misteriotsu horiek bere onetik atera eta bere delitua aitortzera eroango dute.