Eskala txikian ontzigile

Baleike 2016ko api. 19a, 19:00

Ontzi tradizionalen maketak ari dira egiten Zumaiako Herri Eskolan. Ekimenak arrakasta izan du eta unitate didaktiko bat sortu nahi dute irakasleek.

Herri Eskolako tailerra ontziola bihurtu dute DBH 2ko ikasleek. Txalupa baten piezak ateratzeko plantilak ari da prestatzen ikasle talde bat, aurrez marraztutako planoen laguntzarekin; aldamenean, piezak mozten ari dira zerra elektrikoarekin; beste taldetxo bat hurrengo urratsarekin ari da jadanik: moldearen gainean piezak josten ari dira, ontziaren kroskoa lortzeko. Jo eta su ari dira denak, Mitxel Gorrotxategi irakaslearen aginduetara.

Itsas ondarea zaintzeaz arduratzen den Beduola elkartearekin elkarlanean sortu da egurrezko ontzi tradizionalen maketak egitearen ideia. Artisautza hautazko ikasgaia da DBH 2ko ikasleentzat, baina aurten sekulako arrakasta izan du, Gorrotxategik kontatu duenez. «Hiru talde osatu ditugu, eta gogo eta interes handiarekin ari dira maketak egiten».

Egurrezko bi ontzi tradizional erabili dituzte eredu bezala: angulak arrantzatzeko Zumaiako ontzi bat, eta Getariako portuan erabiltzen zen txanelatako bat –eskolako atarian daukate jarrita azken hau–. «Aurrena planoak egin genituen», azaldu du Gorrotxategik, «1/10eko eskalan». Planoetatik abiatuta, egurrezko molde bana sortu zuten, Xanti Osa arotzaren laguntzarekin. Gero kroskoa sortzeko piezak marraztu –aurrena kartoian, gero egurrean–, moztu eta moldean itsasi behar dituzte. «Txapakumea erabili dugu, piezak okertu ahal izateko». Behin kroskoa eginda, barruko detaile guztiak lantzen hasten dira: saihetsak, arraunak, toleteak, aingurak... «Zailena saihetsak egitea da», azaldu dute ikasleek.

Tailerretik gertu dagoen beste gela batean aurreratuago dauzkate lanak. Bernizarekin egurra babesten eta iluntzen ari dira. Itxura ederra dute jadanik amaituta dauden maketek.

Unitate didaktikoa

Itsasoarekin eta arrantza tradizionalarekin lotutako unitate didaktikoa osatzea ari dira aztertzen Mitxel Gorrotxategi eta Peio Iribar irakasleak. Arrantza kontuak ere lantzen dituzte Iribarrekin teknologian, eta hainbat eduki dauzkate esku artean, forma ematea baino ez dutenak behar. «Itsas ondareari buruzko interesa ikastetxeetara ere iritsi dela ikustea oso pozgarria da, eta horrelako elkarlanekin bidea zabaltzen da itsasoari buruzko jakintzari eusteko, neurri batean behintzat», azaldu du Beduolako kide Beñat Ibaietak, ikasleak egiten ari diren lanari adi-adi. Egindako maketekin erakusketa bat egitea ere ari dira pentsatzen.