Koka kola lata batekin egindako argazkiak

Baleike 2016ko api. 15a, 10:41
Jon Andoni Martin, erakusketako egilea.

Mundua jostorratz begi batean izeneko erakusketa zabaldu du Jon Andoni Martinek Oxford aretoan. Argazki estenopeikoak egiten ditu, ia edozerrekin. Apirilaren 24ra arte egongo da zabalik.

 

Freskagarri lata bat, jostorratza eta paper fotografikoa; hiru osagai horiekin argazkiak egin daitezkeela erakusten du Jon Andoni Martinek (Azkoitia, 1964) Oxford aretoan zabaldu berri duen erakusketan. Eta freskagarri lata bat ez badaukazu eskura, kalabaza bat erabil dezakezu, edo kutxa sinple bat. Ez da erokeria, argazkigintza hutsa da. “Azken finean, kamera ilunaren printzipioa erabiltzen dut. Ontzi itxi bat, barrutik beltzez pintatuta eta jostorratzarekin egindako zulotxo bat duena, argi izpiei sartzen uzteko. Ontziaren barruan, lehen argazkiak errebelatzeko erabiltzen zen paper fotografikoa sartu eta esperimentatzea da hortik aurrerako kontua”. Zulotxotik argi izpiak sartzen dira eta kanpoko irudia proiektatzen dute –iraulita– ontziaren barruko hormetan; hor paper fotografikoa dagoenez, irudia inprimituta gelditzen da. Argiari zenbat denboraz utziko diogun pasatzen kalkulatu behar da, argazkia ilunegi edo erreta ez agertzeko. Jon Andoni Martinek zinta zati bat erabiltzen du obturadore modura, zuloa ireki edo ixteko.

Estenopeikoak deitzen zaie kamera ilunaren teknika honekin egiten diren argazkiei. Argazki kamera digitalek ia dena automatikoki egiteko gai diren garai hauetan, argazkigintzaren hastapenetako tekniketan aurkitu du Martinek ikertzeko eta jolasteko eremua. “Argazkigintza digitalarekin ehunkada argazki egin ditzakezu ia ohartu gabe; gero etxera zoaz, eta ordenagailu aurrean argazki horien artetik batzuk aukeratu eta editatu egiten dituzu. Iritsi zen une bat, horrek ez ninduela batere asetzen. Duela bost urte ezagutu nuen teknika berezi bat, solarigrafia, eta orduan hasi nintzen lehengo teknikak ikertzen eta probatzen. Orain argazkiak pentsatu egin behar dituzu, teknikak ikasi, prozesu osoa ezagutu, landu... Askoz aberasgarriagoa da”.

Eguzkiak zeruan marrazten duen ibilbidea jasotzea da solarigrafia teknikaren helburua. Tresnak berberak dira: jostorratzarekin egindako zulotxodun freskagarri lata itxi bat eta barruan paper fotografikoa. Eta pazientzia. “Neguko eta udako solstizioen artean, lata jartzen duzu leku egoki batean, hegoaldeari begira eguzkia egunsentitik ilunabarrera harrapatzeko, eta sei hilabetez itxarotea da kontua”. Sei hilabete pasa ostean, paper fotografikoa atera, zuzenean ordenagailuarekin positibatu eta hor agertuko da sei hilabetez eguzkiak egin duen bidea, neguan beheragotik eta, udaberriak aurrera egin ahala, gero eta gorago. “Egun lainotuak ere somatzen dira, eguzkiaren marrarik ez dagoelako”.

Erakusketako argazki gehienak egiteko, baina, ez du hainbeste denbora behar izan. Kaleak, eraikinak, loreak, baserriren bat, basoa... jaso ditu bere irudietan, zuri-beltzean gehienetan, baina bada koloretako argazkiririk ere –koloretakoak egiteko pelikula erabili du–. “Argazki estenopeikoak egiteko batzutan nahikoa da hiru segundoko esposizioa, beste batzutan minutu batekoa izan daiteke. Hori esperimentatuz ikasten duzu, probatuz”. Izan ere, argazki kamerak ez du argi egokia neurtzen, ez du koadroa ondo aukeratu duzun ikusteko bisorerik... Koka kola lata bat da, zulotxo batekin.

Azkoitian ferrotipoak eta anbrotipoak

Zumaian zabaldu duen erakusketarekin batera, apirilaren 23an beste bat zabalduko du Azkoitiko Torrezurin, ferrotipoak eta anbrotipoak erakusteko. 1851n asmatutako kolodion hezearen teknika erabili du azkoitiarren erretratuak egiteko, aluminiozko edo kristalezko plaketan. Teknika hau askoz konplexuagoa da, soluzio kimikoak prestatu behar direlako eta dena momentuan egin behar delako: plakak kimikoki prestatu, argazkia atera eta segidan gela ilunean errebelatu. Teknika hauek ezagutzera emateko bi tailer emango ditu Azkoitian. Apirilaren 23an argazki estenopeikoak egiten erakutsiko du, Azkoitiko plazan, 9:00etatik aurrera –parte-hartzeko ez da izenik eman behar–; eta apirilaren 30ean koleidon hezearen ingurukoa, hau ere Azkoitiko plazan eta 9:00etatik aurrera.