Santelmoak 2016: jai egitaraua

Peña eta Martinez irabazle santelmoetako pilota jaialdian

Baleike 2016ko api. 5a, 12:18

Odieta pilotalekuan hasi zen atzo arratsaldean santelmoetako pilota jaialdia eta Herri Eskolakoan amaitu. Jaialdiko partida nagusia hastearekin bat iritsi zen euria, eta Herri Eskolan jokatu beste aukerarik ez zitzaien gelditu Peña-Martinez eta Errandonea-Perez bikoteei.

Kantxari bezain beste zeru ilunari begiratzen zion astelehen arratsaldean Odietan bildutako publikoak. Bostetan hasi zen jaialdia, Irazustabarrena-Eizmendi eta Maiza-Arrieta bikoteen arteko pala partidarekin, eta orduan itxaropentsu ziren antolatzaileak, eguraldiak eutsiko ziola. Maila ona erakutsi zuten lau emakumeek, baina gehiago izan ziren Irazustabarrena eta Eizmendi, eta partida erraz menderatu zuten, 30-17.

Zumaiako eta Getariako pilota eskoletako gazteen txanda zen jaialdiko bigarrenean. Larrañaga eta Etxabe oikiarrak gerriko urdinarekin, eta Aristi eta Zenekorta gorriarekin. Lehen tantak erori ziren Odietan, handik ordu erdira zetorrenaren iragarle. Kantxan lau pilotariek dena eman zuten arren, getariarrak izan ziren jaun eta jabe (22-10).

Eta iritsi zen jaialdiko partida nagusia. Seietarako prest ziren Peña-Martinez eta Errandonea-Labastida bikoteak, antolatzaileek agindu bezala. Beroketa lanak amaitu orduko hasi ziren lehen tantak, eta jokoari ekin bezain pronto, zaparrada.

Atertzen ez zuela ikusirik eta kantxa blai, Herri Eskolako frontoi estalira eraman zituzten pilotariak. Eta hantxe erakutsi zuen Peñak kolpe ederrarekin dagoela, hantxe Martinezek atzelari dotorea dela. Hantxe, sanpedroetan estreinatzekoa den frontoi berri estaliaren ondoan. 22-15 bukatu zen partida, euriak zapuztu duen azken jaialdia izan denaren kontsolamenduarekin.

Erlazionatuak