GUTUNA: Zumaian antzinako ohiturak isundu

Yakoba Urteaga Goikoetxea 2016ko mar. 28a, 11:19

Antzinatik dator Zumaiarrok olagarroarekin dugun lotura. Zumaiarrak olagarroak. Zer esan... Pulpo Elkartea, Pulpo eskubaloi taldea, Olarro Eguna irailean, Olagarro-zopa santelmotan...

Olagarro arrantzaleek ongi ezagutzen ditugu bazterrak Aitzaundi, Inpernupe, Katuplaza, Malparaje, Itzurun, Santelmopea, Algorri, Andikaraerreka, Elorriaga, Aitzuri, Aizbeltz. Biotopoa dela-eta debekua jarri dute Eusko Jaurlaritzatik olagarroak, andarikak, lapak, izkirak edota maskorrak arrantzatzeko. Gogorrena ez da hori: irailean San Mikeletako mareatan olagarro bat baino gehiago zuten guztiei isuna jarri zieten.

Iritsi zaie oparia 150 euro ordaindu behar dute. Isunak jasotako gehienak langabezian zeuden zumaiarrak ziren, erretretadunak, gazte jendea

Ez dago eskubiderik bere bulegoan eserita dagoen norbaitek horrelako erabakia hartu eta herri bateko ohiturak pikutara bidaltzea. Egoera honetan inor ez da arrantzara joango. Gaur egun Biotopo izatera iritsi bada urteetan zehar bertakoek zaindu dugulako izan da.

Eta nire galdera da: aurtengo santelmotan olagarro-zopa nongo olagarroekin egingo da? Pikoten edo Ardantzan lehortutakoekin? Edo Motril eta Deniatik ekarritakoarekin? Eta iraileko Olarro Eguneko pintxoak Marokotik ekarritako olagarroarekin egingo al dituzte?

LOTSAGARRIA! Norbaiten buruan sartzen da Mutrikun Berdel Eguna kanpoko arrainarekin egitea? Edo Antxoa Eguna Ondarroan? Edo Hegaluze eguna Hondarribian? Ez dago eskubiderik erabakiak zer ondorio dauzkan pentsatu gabe hartzea.

Abestiak esaten duen bezala Ikusi eta Ikasi. Iparraldean, Abadie gaztelu inguruan, leku babestua izan arren, eta Europar legeak aplikatuz, debekua Olagarroen pisuan bakarrik dago (750 gramotik gorakoak). Informazio kanpainak egiten dituzte, arrantzalearekin eztabaidatu, gutxitu egin den edo ez urte batetik bestera ikusi, eta abar. Eta arrantzarako baimenak ematerakoan bertakoek lehentasuna izaten dute.

Ohiz kanpoko parajeak arautegiz apartekoak behar ditu. Hor ditugu txitxardina arrantzatzeko dauden lizentzi bereziak, bai Oria, Urola eta Deba ibaietan. Beraz, zergatik ez berdin egin Zumaiako olagarro arrantzaleentzat?

Beraz, dagokionari, eta hemen Zumaiako Udalak zeresan kandia eduki beharko luke, zentzu gabeko debekuak kendu da gauzak behar diren bezala egin.

Oso politak geratzen dira liburuak Zumaiako olagarro arrantzaleez edo telebistan Zumaian olagarroak nola harrapatzen diren ateratzea, baina, usadio zaharrak mantentzeko agintariek beste erabaki batzuk hartzen hasi beharko lukete.

Herria munduan zehar zabaltzea ondo dago (Flyscha, Geoparkea, Biotopoa) baina zumaiarren ohitura zaharrak ezin ditugu desagertzen utzi.