Barraketako sarreren prezioa merketzea ekarriko duen hitzarmena sinatu du Udalak

Baleike 2016ko mar. 22a, 21:09

Portu Zuzendaritzarekin eta barraken jabeekin sinatutako akordio honi esker, Aste Santua eta San Telmo jaien aitzakian Zumaiara etorritako atrakzioen sarrerek 1,5 euroko prezioa izango dute.

Urtetik urtera Zumaiako festetan ezartzen diren barreketako sarreren prezioa aldakorra izan da eta garestitzea izan da joera ohikoena. Honen arrazoi nagusia barrakak ezartzen diren lurren alokairuaren prezio altua da. Eremu honen jabetza Jaurlaritzako portu sailari dagokio eta lur hauen errenta prezio altuagatik eta honen garestitzeagatik, barraketako jabeek, beren atrakzioetako fitxen prezioak igo behar izaten dituzte alokairua ordaindu ahal izateko. Iaz 2,5 eurokoa izan bazen ere, aurten 3 eurotara igotzea zegoen aurreikusita.  

Honen inguruan, Udal Gobernuak, “zumaiarrak eta beren ongizatea lehentasun izanik eta aintzat hartuta herritarrak direla garestitze honen kaltetu nagusienak eta, barraketako erabiltzaile gisa, alokairuaren prezio igoera ordaintzen dutenak”, egoera aztertu eta neurriak hartu ditu. Horiek horrela, Gobernu taldea inplikatuekin bildu da eta egungo egoerari buelta emateko aukera izan du “herritar zein erabiltzaile guztien mesederako”. Horretarako, Udalak akordio bat sinatu du Portuko Zuzendaritzarekin eta barraketako jabeekin. Hitzarmen honi esker, portuak bere lurren alokairua jaitsi du; barraketako jabeek, aldiz, beren atrakzioetako fitxen prezioa merketzea adostu dute Udalarekin, salmenta balioa 1.5 euroan ezarriz. Gainera, urte osoan zehar, salneurria berdin mantenduko dela bermatu dute udaletik. 

Atrakzio guztiek izango dute prezio hori, Jumping delakoak izan ezik. Honen ezaugarriak direla-eta (leku mugatuak ditu eta goma material berezia), beste barrakek baino prezio garestiagoa izango du. Hala ere, hasiera batean aurreikusita zegoen 4 eurotik 2,5era jaistea lortu da. 

Udalak gogorarazi du bihartik aurrera eta apirilaren 10a bitarte,  herritarren eskura daudela barrakak Gernika Pasealekuan, zumaiar guztien eta bereziki haurren gozamenerako.