39.000 euroko aurrezkia lortu du Udalak igogailu publikoen mantentze-lanen esleipenarekin

Baleike 2016ko mar. 14a, 11:13

Zumaiako udalak ohar baten bidez azaldu du herriko 13 igogailu publikoen kontratua esleitu berri duela. Orain arte, igogailu hauen kontratuez enpresa ugari arduratzen baziren ere, udal gobernu berriak, “kudeaketa eraginkor baten alde eginez”, kontratu hauek guztiak hitzarmen bakar baten baitan egituratu ditu. 

Azaldu duenez, lau enpresen proposamenak jaso eta aztertu ostean, (Schindler, S.A., Thyssen-Group elevadores, S.L.U., Beltrán ascensores y montacargas, S.L. eta Orona, S. Coop) Schindler enpresa izan da kontratuaren esleipedun berria, “bere proposamena izan delako herriaren eta bereziki zumaiarren beharretara gehien egokitu dena”. 

2015. urtean 51.714,72 euro ordaindu ziren lan hauek gauzatzeko. “Kontratu guztien bateratze eta eguneraketa honekin 38.885 euroko aurrezkoa lortuko da aurten, %75,19koa, eta gainontzeko urteetan ere aurrezpen hau mantendu egingo da. Kontratu berria, arrisku orotarako aseguru bezala esleitu da eta bere gain hartzen du telefono zerbitzua ere. 

Halaber, herritarren behar eta eskakizunei erantzuna emanez, esleipen berri honen bidez, Udalak, euskararen erabilera bermatuko du eskainiko diren zerbitzu guztietan, larrialdi zerbitzuak barne. Beraz, hemendik aurrera, zumaiar orok euskaraz jaso ahal izango ditu arreta, larrialdi edota gainontzeko zerbitzu guztiak, hala nahi izanez gero. 

Udaletik pozik agertu dira esleipen berri honek herrian eta bereziki herritarrengan ekarriko dituen onurengatik, “izan ere, zumaiarren ongizatea eta beren beharrei erantzuna ematea baita udal gobernuaren lehentasun nagusia”.