Frontoiaren inguruko urbanizazio lanak egiten hasiak dira

Baleike 2016ko ots. 3a, 19:44

Sasoi enpresari esleitu zaizkio lanak eta lau hilabeteko epean amaituko direla aurreikusten da. Skate park berri bat jarriko da ingurune honetan.

Urtarrilaren 11n hasi ziren Zumaiako frontoi berriaren inguruneak urbanizatzeko lanak. Obra hauek egiteko esleitutako enpresak lau hilabeteko epea izango du. Lan horiek amaituta, Aitzuri frontoia zabaltzeko eta amaitezina dirudien auzi hau bukatutzat emateko denbora gutxiago faltako da.

Zumaiako Udalak lan hauek esleitzeko lehiaketa deitu zuen eta zortzi izan ziren bertara aurkeztutako enpresak. Oier Korta alkateak azaldutakoaren arabera, obra hauen lizitazio prezioa 754.676,96 eurokoa izan zen, BEZa barne eta lehiaketa irabazi zuen Sasoi enpresak. Baztango enpresa honek 532.358,94 euroko proposamena aurkeztu zuen. «Enpresa denek lanak amaitzeko epea lau hilabetean jarri zuten eta, beraz, epe horren baitan bukatuko da ingurunearen urbanizazioa».

Makinen bitartez eraikinaren ingurua berdintzen dihardute gaur egun. Hasierako proposamen batean, frontoia eta Zumaiako Herri Eskolako patioaren artean dagoen lursailean teniseko pista bat ezartzeko proposamena zegoela adierazi du alkateak. Baina, proiektuan aldaketak izan dira eta hormigoizko skate park berri bat joango dela bertan aurreratu du. «Bere momentuan Aita Mari futbol zelaiaren atzealdean jarri zen, borondate onenarekin, baina, erabiltzaileek diotenez, zaharkituta geratu da», dio alkateak. «Skaterako parkeak egiten dituen enpresa batekin harremaetan jarri gara eta proiektua dagoeneko eskutan dugu».

Skate park hau egiteko «gazteekin eskutik hartuta» joan direla nabarmendu du Kortak. «Kirol honetan aritzen den jendearekin bildu gara beraien iritzia jasotzeko».

Frontoia ia amaituta

Aitzuri frontoia ia amaituta dagoela adierazi du alkateak. «Barrua ia bukatuta dago. Taberna eta emergentzia plana burutzea besterik ez zaigu falta. Espero dugu inaugurazio egunerako taberna ere martxan izango dela dena bukatuta egoteko».

Lanak aurreratuta badaude ere, ez du inauguraziorako egunik aurreratu nahi. «Pausoz pauso joango gara». Epeak errespetatzen badira, apirilaren erdirako amaituta egongo dira urbanizazioko obrak eta frontoiaren zabaltzea are eta hurbilago izango da. 2007ko azaroan eraitsi zuen Odieta zaharra eta ia hamar urteko hutsunea beteko da horrela.

Erlazionatuak