‘Indarra zure baitan dago’ liburua aurkeztuko du Ana Gisasolak

Baleike 2016ko ots. 2a, 19:00

Yoga eta meditazioa proposatzen ditu, bizitzako oztopoei aurre egiteko. Xabier Azkuek lagundu dio liburua euskaratzen, eta Alondegian aurkeztuko dute ostegunean, 19:00etan.

Bi urte zituela poliomielitis gaitza garatu zuen Ana Gisasolak; medikuen ustez, haren patua gurpildun aulkian eserita ibiltzea izango zen. Hala ere, zutik jarri zen egun batean, eta berriz oinez hasi zen. Ordutik hona ez du sekula amore eman, beti batzuek «normaltasuna» deitzen dioten hori lortzeko borrokan.

Duela urte batzuk, post-polio sindromea diagnostikatu zioten; horrek esan nahi zuen bigarren aldiz neurona motor dezente hil zitzaizkiola. Ez zegoen gaixotasunarentzako sendabiderik, ariketa fisiko oso arina bakarrik. Geroz eta muskulatura ahulagoarekin, baina uko egin zion gurpildun aulkian betiko esertzeari.

Lana utzi behar izan zuen, ezintasun iraunkor erabatekoa aitortu zioten. Urtebete geroago, medikuak zur eta lur utzi zituen azterketa bat egitera joan zenean; sinestezina iruditzen zitzaien hain «ondo» ikustea Ana. Zer egin zuen tarte horretan? Yoga, meditazioa, igeriketa, ekialdeko terapia batean trebatu... eta zoriontsu sentitu bizitzen ari zen aldian.

Bere esperientzia liburu batean bildu zuen, eta autolaguntzarako argitalpen moduan plazaratu du. 2014an gaztelaniazko bertsioa argitaratu zuen: La fuerza está en tu interior. Yoga, meditazioa eta beste hainbat tresna proposatzen zituen egileak, bizitzan sortzen diren oztopoei aurre egin eta nor bere bidea egiteko.

Euskaratzeko laguntza

Liburu hori aurkezteko egin zioten elkarrizketa bat irakurri zuen Xabier Azkue zumaiarrak, eta hark ere txikitan poliomielitis gaitza pasatua zuenez, euskaratzen lagundu zion.

2015eko abenduan aurkeztu zuten euskarazko lana, Durangoko Azokan: Indarra zure baitan dago. Alondegiko Moila gelan aurkeztuko dute Zumaian, ostegunean, 19:00etan.

Ana Gisasolak dioenez, «liburu hau bizi esperientzia bat baino gehiago da, lanketa pertsonalerako gida bat da, nork bere biziaren lema hartzera gonbidatzen gaituena. Terapia batetik eta bestetik nire eguneroko lana eraikitzen lagundu didaten lanabesak jaso ditut, egoera fisiko, mental, emozional eta espiritual osasuntsuagoa edukitzeko balio dutenak».