"Nora zoaz!"

Baleike 2016ko urt. 31a, 16:02

Badirudi batzuek ez dutela ikasten, ez dutelako ikasi nahi edo ez direlako gai ikasteko. Ostiralean Orroaga parean izandako belaontzi istripua bazirudien ikasgai bihurtu zitekeela: itsaso txarrarekin Zumaiako portua arriskutsua izan daiteke. Baina, dirudienez, errealitatea bestelakoa da. Batzuen burutan, behintzat.

Gaur goizean belaontzi batek kirol portua utzi eta itsasora irteteko asmoa izan du. Haren patroia badirudi ez dela ohartu itsasoaren egoera txarraz edo ez zaio asko inporta izan. Olatuak bata bestearen atzetik zetozen kostarantz. Portutik ateratzeko saiakera bat egin du, baina olatuek ez diote utzi. Bigarren saiakeran ere atera ezinik geratu da, baina ez du amore eman. Inguruan zegoen jendea, gertatzen ari zena ikusita, oihuka hasi zaio: “Nora zoaz!”. Azkenean, irtetea ezinezkoa zuela ikusita, amore eman du eta portura itzuli da.