Mendebaldeko Sahararen referendumaren aldeko argazkiak

Baleike 2016ko urt. 31a, 11:52

Alondegiko Oxford aretoan Sahara: hondarrean argi eta irrifarrak izeneko erakusketa ikusi daiteke egunotan. Bertan, Peio Romatet argazkilariak iazko Aste Santuan egindako bidaian ateratako argazki batzuk erakusten dira. Mendebaldeko Saharak bere autodeterminazioa aldarrika dezan referenduma eskatzeko aukera ere badago bertan. 

Aretoan sartu eta ezkerraldean Mendebaldeko Sahararen bandera bat jarri dute Darahli taldeko kideek. Marokok inbaditutako herri honek bere autodeterminaziorako referenduma izan dezan eskaera egin daiteke bandera honen aurrean argazkia atera eta Twitter bidez partekatuta: horretarako behatza tintarekin margotu, argazki atera eta #referendumnow eta #westernsahara traola bidez partekatu daiteke sare sozial honetan.

Referenduma eskatzeko beste modu bat westernsahara-referendum.org web gunean sinatzea da. Suitzako komite batek sortutako web gunea da hau.

Suediak amore eman dio Marokoren xantaiari

Mendebaldeko Sahararen inguruan azken aldian jakindako erabakirik lazgarrienetakoa da Marokok Suediari egindako xantaia da. Suediak aspaldidanik bultzatzen zuen Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako borroka eta 2012an errepublika independente bezala onartu zuen.

Azken aldian, baina, Marokoren xantaia ekonomikoarekin egin du topo europar estatuak. Suediako Ikea enpresak planta batzuk ezarri nahi zituen Afrikako estatu honetan, baina horretarako baimenak izateko Suediako parlamentuak hartutako erabakia bertan behera uztea exijitzen zion Marokok Suediari. Azken honek amore eman du eta parlamentuak hartutako erabakia bertan behera utzi du. Ordainetan, Ikea enpresak ate guztiak zabalik izan ditzake Marokon eta, beti bezala, Saharako herritarrak izan dira kaltetuak.