Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioetarako sarrerak astelehenean jarriko dira salgai

Baleike 2016ko urt. 19a, 14:44

Aurtengo inauterietan ere izango da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna Zumaian. Otsailaren 8an izango da, Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Oraingo honetan Amalur izeneko ikuskizunarekin etorriko dira. Bi saio izango dira egun horretan: 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena.

Sarrerak astelehen honetan jarriko dira salgai Alondegian: urtarrilaren 25ean 17:00etatik 18:30era, eta 26an 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:30era. Haurrentzako sarreren prezioa 4 euro izango da eta helduena 7 euro. Pertsonako, gehienez, sei sarrera erosi ahal izango dira.

Egun horretan sortzen den urduritasuna dela-eta, Udal Kultura Saileko arduradunek lasaitasuna eskatzen diete herritarrei. "Azken urte askotan sarrera dezente saldu gabe geratu dira; azken hiru urteetan bi saioetarako sarrerak salgai zeuden bigarren egunean ere eta iaz 15:00etarako sarrerak aretoko ate bertan ere bazeuden. Hori dela-eta, ikuskizunera joan nahi duten herritarrei lasai ibiltzeko gomendatzen diegu".