Musika Patronatua desegitea eramango du Udal Gobernuak hurrengo osoko bilkurara

Baleike 2015ko aza. 27a, 14:48

Pasa den astean egindako osoko bilkura berezian, azaroaren 19koan, Musika Patronatua desegiteko hasierako onarpena emateko asmoa zuen Udal Gobernuak. Eguneko gai ordenan ere sartua zegoen gaia, baina azkenean puntua ateratzea erabaki zuen alkateak.

Honen inguruko oharra plazaratu du Udalak. Bertan dioenez, Patronatua desegiteko erabakia hartuta bazegoen ere, “azaroko bilkura berezian sartzea eta lehenbailehen desegitea garrantzitsua zen datorren urteko aurrekontuak aurkeztu aurretik, bestela administratiboki lan karga handia sortuko baitzuen”.

Udala Musika Patronatuko talde gehienekin hitz eginda zegoela dio, baina, “plenora eramateak kezka sortu zuen hitz egin ez zen talde batzuengan. Ondorioz, talde guztiei erabakiaren berri eman arte osoko bilkurara ez eramatea erabaki zen”.

Aste honetan, azaroaren 25ean, Udal Gobernuak alkate buru zuela Musika Patronatuko taldeen ordezkariekin bilera egin zuen; “han aurkeztu ziren erabaki horren arrazoiak, eta talde guztiek ulertu zuten Musika Patronatua desegitearen arrazoia”.

Udalaren arabera, Musika Patronatuak “ez du egitura eta baliabide pertsonal propiorik, eta horrek lan karga administratiboa handitu eta eman beharreko pausoak bikoiztu egiten dizkio Udalari”. Lan karga hori arintzeko asmoz, Zumaiako Udal Gobernuak “datorren plenoan Musika Patronatua desegiteko hasierako onarpena ematea du helburu”.

Oharrean adierazten denez, Musika Patronatuaren estruktura administratiboa desegiteak “ez du sortuko inongo aldaketarik Udalak elkarteekin orain artean izandako funtzionamendu edota harremanetan, ezta udal eta elkarteen arteko etorkizuneko erlazioetan ere; Kultura teknikariak eta zinegotzia izango dira ordezkariak antolamendu aldetik, eta Udalak zuzenean kudeatuko ditu administrazio lanak”.

Udalaren esanetan, eta hala azpimarratu nahi du, “herriko kultur eta musika ekimenak direla benetan garrantzitsuak, elkarteak osatzen dituzten pertsonak dira goraipatu eta balioan jarri beharrekoak, azken finean gorputza ematen diotenak musika patronatuari eta ez alderantziz, beharrek sortzen dituzte estruktura administratiboak; baliabide edo tresnek jarduerak errazteko izan behar dute eta ez alderantziz, musika patronatuaren kasuan bezala”.