Umorea sendagai bihurtuta

Baleike 2015ko aza. 27a, 06:00

Arrain nahastua izeneko erakusketa du Mattin-ek Alondegiko Oxford aretoan. Umore grafikoa eta ilustrazioa uztartzen ditu, eta abenduaren 8ra arte izango da zabalik.

Jakitean hurreratzen ari zaion pertsona Baleikeko kidea dela, begirada alaitu egiten zaio Iñaki Martiarena Mattin-i. «Baleikeren oroitzapen politak ditut. Zuek antolatutako komiki lehiaketan parte hartu izan dut». Baita irabazi ere, 1995.eko uda hartan. Hogei urte geroago, beste mota bateko proposamenarekin itzuli da Zumaiara, Arrain nahastua izeneko erakusketarekin hain zuzen ere. «Arrantzaleek sarearekin arrantza egiterakoan mota desberdineko arrainak ateratzen dituzte. Oker ez banago, arrain nahastua deitzen diote horri. Hala ikusten dut erakusketa hau, pot-pourri bat bezala. Esamolde atsegin bat da eta, bestalde, banuen arrainak marrazteko gogoa ere», dio. 

Ilustrazioa eta umore grafikoa uztartzen ditu Mattinek abenduaren 8ra arte Oxforden zabalik izango den erakusketa honetan. Biak izan dira bere ibilbidearen bizkarrezurra. Erakusketa honetan azken bi urtetan egindako lanak erakusten ditu. «Nire bilakaera profesionalean eta pertsonalean izan da aldaketa bat, baina nire haria betikoa da: hitza eta irudia uztartzen jarraitzea. Hitz jokoak erabiltzen ditut. Umorea sendagaia da niretzako; barruko mina baretu eta sendatzeko bidea, eta bide horretan jarraitzen dut». 

Hainbat urtez prentsarako egin du lan, egunerokotasunari lotutako tira komikoak eta binetak sortzen. «Orain nire lan publikoena Berrian, Mantangorri gehigarrian larunbatero argitaratzen dudan komikia da. Belardo da protagonista eta fan asko ditu, umeak, baina baita gurasoak ere». 

Prentsan erabili ezin izan zituen formatuak eta materialak erabiltzen ditu orain bere lanetan: tinta txinatarraz gain, tenperak, marrazkiak eta baita ordenagailuz egindako irudiak ere. «Kolorea erabili eta nire barreneko alde margolaria pixka bat ateratzeko aukera ematen dit honek». 

Ilustrazioa izan da azken urteetan gehien landu duen arloa. Horren adibide dira gazte literaturako hainbat liburutarako egindako irudiak. «Gehienbat enkarguak izan dira. Orain aterako dudan liburua, Ainara Saezekin batera egindakoa, aldiz, pertsonalagoa da. Komiki bat ere argitaratu zuen orain bi urte (Donostia 1813-2013). «Sukaldari batekin parekatzen dut nik nire lana. Hark pintxo bat egin dezake, baina baita bazkariak eman ere. Nik arlo desberdinak ukitzen ditut, baina badago beti dagoen zerbait eta da umorea».