Janari Bankurako produktuen bilketa egingo da ostiralean eta larunbatean

Baleike 2015ko aza. 26a, 18:06

Mundu mailako azken krisialdia dela-eta, azken urteotan areagotu egin da janari bankuetara elikagaien bila joan behar izan duten familia edo banakako kopurua. Baina, emateko aurrez jaso egin behar da, eta Gipuzkoako Janari Bankuak elikagaien eta beste produktuen bilketa egingo du ostiral eta larunbat honetan. Zumaian Eroskiren hiru gunetan egingo da. 

Eroskiren hiru supermerkatuak Alai auzategian, Foruen enparantzan eta Ardantzabiden daude. Gune bakoitzaren ordutegiak honakoak dira:

Ostirala / Larunbata

Alai auzategikoa: 9:00-21:00 (bi egunetan).

Foruen enparantzakoa: 8:30-20:30 / 8:30-14:00.

Ardantzabidekoa: 9:00-14:00 eta 17:00-20:00 / 9:00-14:00.

Zumaiako janari bankutik azaldu digutenez, bildu nahiko diren produktuak honakoak izango dira: pasta, arroza, lekaleak, esnea, pardelak, turroia... Edozein laguntza ongietorria izango da. 

Bilketa lanetan 50 boluntario elkartuko dira bi egun hauetan, beraien laguntza eman nahi dutenen materiala jaso eta kaxetan sartzen. Material hau guztia Gipuzkoko erakundeak Oiartzunen duen zentrora eramango dute eta bertan klasifikatuko dute. Hilean behin Zumaiako udal langileak zentro horretara joaten dira eta kamioiez hilabete horretan banatuko den materiala ekartzen dute. Udal Gizarte Zerbitzuek kudeatzen dute zerbitzua eta beraiek erabakitzen dute zein izan daitezken honen onuradunak. 

Zumaiako Janari bankuko kide Migel Zubimendik azaldu duenez, Zumaian 120 lagun inguru (50 familia) dira bankuko laguntza jasotzen dutenak. Egoera egonkortu dela ere azaldu du.