Iñaki Atrian zumaiarra egileen artean duen bideoa Beldur Barik lehiaketarako hautatua izan da

Baleike 2015ko aza. 24a, 15:06

Beldur Barik programaren baitan, aurten ere bideo lehiaketa antolatu da. Hautatuen artean Iñaki Atrian zumaiarra egileen artean duen Shhilencio / Ishhiltasuna dago. Epaimahaiaren sariaz gain, sari herrikoia ere badago eta horretarako botoa emateko aukera dago http://beldurbarik.org/ web gunean. 

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. 

Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatzen da programaren baitan, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.

Boto popularra

Iñakiren bideoa (albiste honekin batera ikus dazakezue) bozkatu nahi bada, honako pausoak eman behar dira:

  1. "Inicio" orrian sartu.
  2. Izena eta korrea sartu beheko zutabean.
  3. Posta bidez iristen den lotura klikatu.
  4. Bideoa aurkitu (Shhilencio / Ishhiltasuna)
  5. Bideoaren azpian agertzen den errektangelu morean klikatu.

Azaroaren 25eko 23:59ak arte izango duzue epea zuen botoa emateko.