"Aita Santuaren babesa lortu zuten herriko arrantzaleek 1611an"

Baleike 2015ko aza. 23a, 19:01
Xabier Alberdi azalpenak ematen, sasiolatarren San Anton kaperan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Zumaiako eliz monumentuen adibideak aitzakia hartuta, XV. eta XVI. mendeetako zenbait gertaera, ohitura eta pertsonaia ezagutzeko aukera eskaini zuen igandean Xabier Alberdi historia ikerlariak, pasadisoz eta bitxikeriaz betetako bisita gidatuan.

Nonbait, arimaren betikotasuna lortzea ez zen nahikoa XV. eta XVI. mendeetako kristau boteretsuentzat. Familiaren ospeak ere mendez mende iraungo zuela ziurtatu nahi izaten zuten, denborak ez zuela abizenaren loria herriaren oroimen kolektibotik desagerraraziko. Eta, nola arimarena, abizenaren betikotasuna ziurtatzeko ere eliza erabiltzen zuten bitartekari, eliz monumentuak eraikiz. «Zergatik elizan? Etxeak eta jauregiak askotan, denboraren poderioz, hutsik gelditu eta hondatu egiten dira; elizak berriz, betirako irauteko sortuta daude», azaldu du historia ikerlari Xabier Alberdik. 
 
Zumaiako parrokian badira hiru kapera berezi, bi handienak aldarearen ezker-eskuinera, eta hirugarrena eskuineko horman. XV. mendeko familia boteretsuek propio eraikitakoak dira. «Garai haietan parrokian hilobiratze ziren hildakoak. Familia boteretsuenek aparteko hilobiak erakitzen zituzten, gainontzeko herritarrekin ez nahasteko», azaldu du Alberdik. Sasiola, Elorriaga eta Mendaro familien kaperak, esate baterako. Hiru familiek dute historia mamitsua.
 
Ingalaterrako erregearen laguna
Sasiolatarren artean –Deban dute jatorria–, Jofrey Ibañez de Sasiolaren izena nabarmentzen da. Errege Katolikoek Ingalaterrako lehen enbaxadore izendatu zuten 1491n. Ingalaterrako erregearen lagun handia egin zen eta diplomazia lan handia egin zuen Gaztela eta Ingalaterraren arteko kortsario gerran bakea lortzeko –sasiolatarren Debako etxean sinatu zen–. 
 
Gaztelako erregeen alaba Catalina eta Ingalaterrako koroako oinordeko Enrike VIII.aren arteko ezkontza ere berak lotu zuen, Errege Katolikoek eskatuta. Jofrey zumaiar batekin ezkondu zen eta parrokiako San Anton kaperan –aldarearen ezkerrera dagoena–  dago hilobiratua.
 
Armada Garaitezina
Parrokiako aldarearen eskuinaldean San Bernabe kapera dago, elorriagatarrena berau. Francisco Elorriaga izan zen familia hartako izen aipagarriena. Galeoi handiak eraikitzen zituen. Haietako bat, San Esteban, Espainiako itsas armadak inoiz jasan duen porrotik handienean hondoratu zen, 1588an. Armada Garaitezina-tzat zuten arren, denborale batek harrapatu zituen Irlandan eta han galdu zituen Elorriagak galeoia eta marinelak –denak Zumaia eta inguruko herrietakoak–.
 
isabel erreginaren alde
Mende bat lehenago, beste zumaiar bat, Juan Martinez de Mendaro, izan zen protagonista beste itsas guda batean. Guda hartan Gaztelako koroa zegoen jokoan: Isabelek Aragoiko Koroaren babesa zuen; Juanak Portugal laguntza. Euskaldunek Isabelen alde egin zuten eta portugaldarrak garaitu zituzten Gibaltarko itsas gudan. Guda hartan hartu zuen parte, hain zuzen ere, Juan Martinez de Mendarok, La Zumayana itsasontziarekin. Guda hura jasotzen du mendarotarren kaperan –parrokiako eskuineko horman– dagoen margolanak.
 
Komentua
Parrokiatik aterata, San Jose komentua ere eliz monumentutzat jotzen du Alberdik. Francisca Labayenek sortu zuen XVII. mendearen hasieran, amarengandik jasotako dorretxean eta ezkon- tzeari uko egin ondoren. «Komentuari lotuta, labayendarren izena betirako mantentzeko modu bat izan zen; ezkondu izan balitz, oinordekoek senarraren abizena hartu eta  Labayen abizena galdu egingo zen».
 
Aita Santuaren bula
Europa osoan bezala, Euskal Herrian ere bando arteko gudak izan ziren XV. mendera arte. Ganboatarrak eta oinaztarrak ibili ziren hemen borrokan. Saiatzen ziren kofradiak eta bestelako elkarteak bereganatzen, borrokarako. Gaztelako erregea nazkatu zuten arte. Borrokei amaiera jartzeko, besteak beste, elkarte mota guztiak debekatu zituen. Denak, jarduera zuzeneakoak zein okerrekoak.
 
Erabakiak sekulako kaltea egin zien arrantzale kofradiei. Bat-batean, inolako lege babesik gabe gelditu ziren, indarrik gabe. Eta arazo larriak izan zituzten. Esate baterako, 1584an, orduko alkate Francisco Bouquer de Bartonek erabaki zuen aurrerantzean ordaindu egin behar zela errioan arrantzan egiteko. Erabakia arrantzaleen kalterako zen, baina ez zeukaten inolako indarrik aurre egiteko.
 
Soluzio bila, Elizarengana jotzea pentsatu zuten, orduan Elizak ere bazuelako legeak egiteko eta epaitzeko boterea. Aurrena Iruñeako apezkipuarengana jotzea pentsatu zuten, baina ohartu ziren gertuegi zegoela eta, liskarrak gertatuz gero, haren epaia onartu beharko zutela. Eta ez zeuden prest. Beraz, aukera bakarra gelditzen zitzaien. «Nor dago apezpikuaren gainetik? Aita Santua. Hark baino onespen handiagorik ez zuen inork; eta oso urruti zegoen, ez zen beraien arazoetan sartuko», dio Alberdik. Horrela, euskaldunek zuten harreman sarea baliatuta, Pablo V.aren bula lortu zuten 1611n. «Aita Santuaren babesa lortu zuten herriko arrantzaleek, berriro kofradia eratu eta beraien interesak defenditzeko».