Markel Txasko Galarragak irabazi du 28. Julene Azpeitia ipuin lehiaketa

Baleike 2015ko aza. 16a, 14:34

Urriaren amaieran bildu zen 28. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Josu Waliño, Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen botorik gabe. Aurten 33 ipuin aurkeztu dira, horietatik hiru zumaiarrenak.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak ondorengo hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:

1. saria. Markel Txasko Galarragak eskuratu du Hitzak eta krabeliñak ipuinari esker. Ipuinak torturaren gaia lantzen du eta epaimahaiaren iritziz gaiari oso ondo uztartzen zaizkio ipuinaren tonua eta erritmoa. Pertsonaiak nola aurkezten diren ere goraipatu du epaimahaiak bai eta flashen bidez, denboran egiten dituen atzera aurrerakoak ere. Prosa poetiko eta indartsua duela eta lan bikaina dela iritzi diote epaimahaiko kideek.

2. saria. Garazi Mugerza Markinarentzat izan da Ispilu bat bateak egiteko izeneko ipuinarekin. Prosa dotorez kontatzen da minbiziagatik bular bat galdu duen emakumeak bere irudi berriarekin adiskidetzeko egiten duen ahalegina. Bakarrizketa formatuan idatzitako ipuin honek joko polita egiten du orainaren eta iraganaren artean, jokoa ispiluaren aurrean amaitzen den arte. Jokoak gainera, tentsioa mantentzen du amaierara arte.

3. Zumaiako onenaren saria. Telmo Irureta Uriak irabazi du Betidanik eta betirako. Nerabezarotik gaztarora doan mutil baten sentimenduetatik eta protagonistekin ondo uztartzen den idazkera fresko eta gaztez, modu sinple bezain eraginkorrez kontalariak gai sakon, -askotan ez gehiegi jorratuetara- eramaten du irakurlea, epaimahaiaren iritziz.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 3an izango da, euskararen egunean bertan, 19:00etan, Alondegian. Bertan Anarik kantalditxoa eskainiko du. Ekitaldia irekia izango da eta nahi duen guztia gonbidatuta dago bertan parte hartzera.