Etxebizitza bat erre da Aita Mari auzoan

Baleike 2015ko urr. 30a, 15:08

Aita Mari auzoko 17. atarian gertatu da sutea, hirugarren solairuko eskuineko etxebizitzan, eguerdiko 12:30 aldera. Inork ez du minik hartu, baina suak eta keak kalte handia eragin dute etxebizitzan.

Eguerdiko 12:30ean, justu alboan dagoen eskolatik haurrak irteten ari ziren unean, hasi da kea ateratzen etxebizitzatik kalera. Etxebizitza barruan ez zegoen inor sua piztu den unean; jabea ganbara zegoen une hartan, argia joan zaionean. Etxera jaitsi eta atea zabaldu duenean ke beltza etorri zaio gainera. Barrura ezin sartu eta kalera jaitsi da, laguntza eske. Atariko txirrinetik hasi da bizilagunei deitzen. Halaxe jakin du laugarren ezkerreko bizilagunak suaren berri. Atea zabaldu eta eskaileratik gora ke beltza zetorren arren, ahal izan duen moduan jaitsi da kaleraino. Anbulantzian artatu dute arnas hartzeko arazoak zituelako hasiera batean baina, zorionez, segituan etorri da bere onera.

Etxebizitzako jabeak eman die abisua larrialdi zerbitzuei. Haiek iritsi bitartean, han gertu zebilen udaltzain baten laguntza izan du lehen uneetan. Segurtasun neurriei jarraituz, aurrena igogailua itzali dute inor harrapatua gera ez zedin. Ondoren, oraindik etxean zeuden gainontzeko bizilagunei ez irteteko aholkatu diete, eskaileratan zegoen kearengatik.

Handik minutu batzutara iritsi dira su-hiltzaileak –sei kamioi-, ertzainen lau patrulla eta bi anbulantzia. Su-hiltzaileek azkar itzali dute sua, baina etxebizitzak kalte handiak izan ditu. Eskailerak ere kaltetu ditu keak eta ikusi beharko da laugarren solairuko bi etxebizitzak nola dauden. Erre den etxebizitzaren azpiko lehen eta bigarren solairuan urak zenbaterainoko kaltea eragin duen ere neurtu beharko da. 

Oraindik patxada gehiagoz ikertu beharko da, baina badirudi sutea egongelan piztu dela, ziurrenik zirkuitu-labur batek eraginda.

Kalte pertsonalik ez da egon, baina bolada batean etxebizitza ez da erabilgarri egongo. Udala dagoeneko harremanetan jarri da familiarekin, eta Gizarte Zerbitzuek larrialdietarako daukaten etxebizitza erabiliko dute etxea konpondu bitartean.

Erlazionatuak

Sutea Aita Mari auzoan

Baleike 2015 urr 30 Zumaia