Garagardo festa egingo da datorren asteburuan herriko zortzi tabernatan

Baleike 2015ko urr. 3a, 11:06

Iaz hasitako ekimenak jarraipena izango du aurten ere. Munichen egiten den garagardo festa erraldoiaren harira, Zumaian ere garagardoaren inguruko festa egingo da datorren asteburuan. Herriko zortzi tabernak hartuko dute parte Udalak eta dendari eta ostalari elkarteak antolatutako ekimen honetan. 

Garagardoaren inguruko zaletasuna areagotzen joan da azken urteotan. Ohiko zerbezez gain, beste mota eta jatorrietakoak gero eta gehiago edaten dira eta horren jakitun dira tabernariak. Hala, iaz lehen garagardo festa antolatu zen eta aurten, Municheko Oktoberfest entzutetsuaren garai berean, bigarrena egingo da, urriaren 9tik 12ra.

Zortzi izango dira festan parte hartuko duten tabernak: Gure Txokoa, Idoia, Itzurun, Kalari, Kresala, Trapaia, Tximista eta Zalla. Urriaren 10ean eta 11n, 19:00etatik aurrera, girotzeko musika izango da. Horrez gain, asteburuan zehar elkarteko taberna eta jatetxeetan gastatzeko opari txartelak zozkatuko dira.