«Bi munduren arteko mugan bizi dira marearteko guneko izaki bizidunak»

Baleike 2015ko urr. 2a, 09:52

Marea biziak direla aprobetxatuta, Zumaia eta Deba arteko marearteko gunean bizi diren espezieak ezagutzeko bisitak antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Horietako batean izan gara; hemen kronika.

Itsasoa ohi baino gehiago urruntzen da kostaldetik marea biziak egokitzen direnean, eta begi bistan uzten ditu normalean ur azpian gordeta bizi diren hainbat espezie. Aukera paregabea izaten da harraldea behatzeko, baina han bizi diren alga eta animalientzat ez dira egunik lasaienak. Ez ohiko bisitariz betetzen zaie ingurua, eta arrantzarako egun seinalatuak ere izaten dira; baina, ez da hori gainditu behar duten zailtasun bakarra: «Marea bizietan ohi baino denbora gehiago pasa behar izaten dute lehorrean, eguzkiaren menpe, eta hori gogorra da hainbat espezierentzat», azaldu du Geoparkeko biologo Gontzal Torrek.
 
Algorriko (Zumaia) brankadetako putzuzuloetan ari dira azalpenak ematen Gontzal Torre eta Naiara Malabe gidariak. Han aurkitzen dutenari adi-adi daude bisitan parte-hartzen ari diren 25 lagunak. «Kantauri itsasoko marearteko gunerik zabalenean gaude», hasi da esplikatzen Malabe; «hemen aurki ditzakegu Kantauri itsasoan bizi diren espezie ornogabe guztiak, eta 200dik gora alga mota ere bai». 
 
Marearteko gunean bizitzeko estrategia bereziak garatu behar izan dituzte espezieek, ingurua erabat aldatzen baita sei ordutik behin. «Bi munduren arteko mugan bizi dira; marea jaisten denean lehorreko baldintzetara egokitu behar dira, batik bat mugitu ezin direnak», dio Torrek. Badira alga batzuk urik gabe minutu gutxi batzuk iraun dezaketenak, eta horregatik marearen puntu baxuenean bizi dira. «Lehorrera edo itsasora nola egokitu den, horren arabera kokatzen da espezie bakoitza marearteko gunean beherago –itsasalderago– edo gorago; egun hauetan ikus ditzakegu alga batzuk lehortu egin direla, marea ohi baino gehiago jaitsi eta ezin izan dutelako hainbeste denbora jasan urik gabe».
 

Putzuzuloetako algen artean hasi dira animaliak agertzen. Itsas izarrak, arrain txikiak, itsas tomateak, itsas erbiak –bareen antzekoak–, zenbait karramarro mota... «Horiek itsas trikuak dira, baina, nola esaten zaie Zumaian? Badu izen berezia...», galdetu du bisitari batek. «Bai, ostarrena», erantzun du Torrek; «eta badaude beste izen batzuk, bertan erabiltzen direnak: adibidez, txoaskina (karramarro mota bat), maolioa (itsas karrakelak) edota gomexa (itsas kabra)».
 
Brankadetako zuloetan eta harrien azpian begiratzen ari direla, zulo batetik zerbait txistuka hasi zaie. Zuloan makila sartu eta han agertu da olagarroaren erroa. Gehiegi zirikatu dute, ordea, eta tintarekin belztu du putzuko ura. Bere txokoan gorde da eta ez da erraz aterako.
 
Itsasoa berriro gora etortzearekin bat, pixkanaka badoaz harraldetik bisitariak eta arrantzaleak. Laster itzuliko da lasaitasuna marearteko gunera.