Bihar iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Zumaiara

Baleike 2015ko ira. 30a, 08:30

Emakumeen Mundu Martxa Kurdistanen hasi zen martxoaren 6an, eta Lisboan bukatuko da urriaren 17an. Urola Kostan Zumaian egingo du geldialdia eta bihar eguerdian izango da. 

Bihar eguerdiko ordubatetan iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Zumaiara. Harrera Itsas Kiroldegian egingo zaie, eta handik, Zumaiako Trikitixaren eta Zarauzko Batukadaren laguntzarekin, Beheko plazarantz joango dira.

Hara iristean, Emakumeen Mundu Martxaren ekitaldi bereziari ekingo zaio. Alde batetik, Emakumeen Mundu Martxako adierazpena irakurriko da, eta beste aldetik, hiru bertsolarik abestuko dute (Maddi Gallastegi, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi), eta Afrikako emakumeek dantzak egingo dituzte. Jarraian, Gaztetxean bazkaldu egingo dute.

Eguna amaitzeko, arratsaldeko 18:30ean, Zumaiako esperientzia feministei buruzko mahai ingurua egongo da Alondegian. Parte hartzaileak Malen etxea, Zumaiako asanblada feminista eta Zumaiako Berdintasun foroa izango dira.

Oharra: Azken orduan aldaketak egon dira egitarauan. Harrera itsas kiroldegian egin beharrean, Alondegiaren aurreko plazatxoan egingo da. Handik, aurreikusita duten bezala, Beheko plazara joango dira.