Larunbatean izango da XIX. Zakila Bila

Baleike 2015ko ira. 30a, 07:55

Antolatzaileek 500 korrikalari inguru espero dituzte irteeran, eta berrikuntza gisa, Zumba saioa egongo da Alondegiaren aurrean.

Arratsaldeko 17:00etan emango zaio irteera XIX. Zakila Birari. Ohi bezala, maratoi erdiko distantzia izango dute saltakariek; 20 kilometroko lasterketa gogorra.

Lehenengo kilometroak herrian bertan egingo dira. Hala, lasterketa Erribera kalean hasiko da, Paoleko bidea hartuko du ondoren, eta Juan Belmonte kalea zeharkatuz, Erribera kalea iritsiko dira berriro ere parte hartzaileak.

Zuzen jarraituz, Axular ibiltokitik aurrera Zumaia atzean utziko dute korrikalariek. Lasterketak Arroatik barrena jarraituko du, Iraetatik, Aizarnabaletik eta Oikiatik pasatuz, Zumaiara iristeko. 16 urtetik aurrerako pertsonek eman dezakete izena, eta lasterketa bukatzeko 2 ordu eta 15 minutu izango dituzte gehienez.

Lasterketaren palmaresari begiratuz, eta emakumezkoen kasuan, orain arteko errekorra Iratxe Aranburuk dauka. 2003. urtean lortu zuen errekor hori, 01:13:09ko denbora eginez. Gizonezkoetan berriz, urte bat beranduago, Jon Salvador bilbotarrak 01:04:14an gelditu zuen erlojua.

Harrera itsas kiroldegian
Korrikalari guztien harrera itsas kiroldegian egingo da aurten. Bertan dortsalak hartuko dira, arropak uzteko lekuak jarriko dituzte, eta dutxa hartzera joateko aukera izango dute parte hartzaileek. Kotxeak aparkatzeko aukera berriz, tren estazioaren inguruan eskainiko da. Antolatzaileek kontatu dutenez, han herrian baino leku gehiago egongo da kotxea uzteko, beraz estazioan uztea gomendatzen dute.

Aurten gainera, eta berrikuntza modura, zumba saioa egongo da 17:15etatik 18:00etara Erribera kalean, Alondegiaren parean. Edonork hartu dezake parte ekintza honetan, baina horretarako izena eman behar da aurretik Lubaki kiroldegian (943862021).

Zakila Biran parte hartzeko aukera oraindik zabalik dago. Horretarako, www.herrikrosa.eus web gunean egin daiteke izen ematea.

Boluntarioei eskerrak
Antolatzaileek gogoratu nahi dute egun horretan lanean ibiliko diren hainbat bolondres. Zumea elkartea da horietako bat. Hauekin batera, Itxas Gain taldekoak ere ezin dira ahaztu, eta baita Bikers Urola Kostako motorzaleak ere. Azken hauek beraien motorrekin korrikalarien gidari lanak egiten dituzte. Hauetaz gain, norbanakoak ere ezin dira ahaztu, guztiei esker ateratzen baita aurrera lasterketa.

Bukatzeko esan, autobusek ohiko zerbitzua izango dutela larunbatean. Soilik 17:00etako autobusak izango du aldaketa. Kasu honetan, Donostiarantz doan autobusa soilik Patxita Etxezarretatik aterako da.