Arrauna

Anjel Etxaniz: "Lehen ibilitako arraunlari batzuei esan diet abdominalak egiten hasteko"

Baleike 2015ko ira. 20a, 14:18

Festa lehertu da Portugaleten Zumaiak garaipena lortu bezain pronto. Denboraldiko tentsio guztia askatu ahal izan dute arraunlari, klubeko kide eta jarraitzaileek. Uretan lortutakoari segida eman beharko dion zuzendaritzako burua da Anjel Etxaniz presidentea. Arraunlari talde honek daukan balioa adierazten duen detaile bat eman digu: "Estropada osoa inolako erreferentziarik gabe egin dute, patroiari ez baitzion pinganillo-ak funtzionatzen".

Bermeoko lau puntuek ematen duten indarrarekin baino inolako konfiantzarik gabe joan da gaur Zumaia Portugaletera. "Guk bagenekien gaur ez zegoela gehiegi konfiatzerik eta gaur atera gara estropada irabaztera", azaldu digu Etxanizek. "Portugalete estropada txikitzera atera da, beste aukerarik ez zuelako, eta amaieran agian ordaindu egin du pixka bat; baina guk ez dugu bestelako estrategiarik izan, hasieratik atera gara dena ematera". Eta kontatu digu arraunlariek ez dutela kanpoko inolako informaziorik izan. "Patroiari pinganilloak ez zion funtzionatzen eta estropada osoa egin dute inolako erreferentziarik gabe; ikusita zer nolako azken luzea egin duten, horrek adierazten du tripulazio horretan zer nolako maila dagoen".

Bihartik aurrera zuzendaritzak egin beharko du lan datorren urtean San Miguel Ligan ahalik eta baldintza onenetan aritzeko, baina Etxaniz ez da horren beldur. "Datorren astean konturatuko gara zer egin dugun eta non sartu garen. Garrantzitsuena izango da daukagunari eustea, hori da oinarria. Gero, taldea osatzeko aukerak aztertuko ditugu. Hemen ikusi ditut arraunlari ohi batzuei esan diet abdominalak egiten hasteko...".

Gaur Salegi jatetxean bilduko dira klubeko arraunlariak, neskak eta mutilak, denboraldi amaiera ospatzeko; ondoren, 19:30ean, harrera egingo zaie mutilei kofradian.