Arrauna

Ate handitik itzuli da Zumaia arraunaren maila gorenera

Baleike 2015ko ira. 20a, 13:38
Arraunlariak garaipena ospatzen; eskuinean Patxi Frances entrenatzailea. Argazkia: Klausser

Txapeldunen handien modura, kanporaketako bi estropadak irabazita, lortu du Zumaiak San Miguel Ligara bueltatzeko eskubidea. Gaur Portugaleten atzetik aurrerako lana egin dute, eta azken luzean etxean aritu den Portugalete ere gainditzeko gai izan dira zumaiarrak. Portugalete izan da bigarren, eta gaur Getariari ateratako 17 segundoei esker mailari eustea lortu dute bizkaitarrek. Telmo Deuneko arraunlariei 19:30ean egingo zaie harrera kofradian –ordu erdiz atzeratu da–.

Portugalete eta Getaria jotzen zituzten adituek falboritotzat, baina Zumaiak erakutsi du baduela haiek adinako gaia, eta kanporaketan ondoen moldatzen jakin duen trainerua izan da, dudarik gabe. Bermeon eman zuen lehen kolpea; gaur Portugaleten errematea. Etxeko trainerua estropada txikitzera irten da eta alde handiak lortu ditu lehen bi luzeetan; Getaria saiatu da erritmo biziari eusten eta garesti ordaindu dute bigarren luzetik aurrera. Zumaiak, berriz, amaierarako gorde ditu indarrak eta azken luze zoragarrian Portugaleteri bederatzi segundo ateratzeko gai izan da, eta estropada segundo bateko aldearekin irabazi. Bermeon eta Portugaleten irabazita, San Miguel Ligarako txartela poltsikoratu du Zumaiak.

Bigarren posturako lehian Getariak puntu bateko aldea zuen Portugaletekiko, baina gaur getariarrek egun txarra izan dute. Portugaleten parean izan dira lehen ziabogan, baina handik aurrerakoa kalbarioa izan da Getariarentzat. Bigarren ziabogan 11 segundo ziren atzetik eta helmugan 17 segundo kendu dizkio Portugaletek. Puntutara berdinduta, denbora tartea izan da erabakigarria bigarren txartela Portugaletek eskuratzeko.

Zumaia maila gorenera bueltatu da, 2013an jaitsi eta gero. KAE1 Ligan egin dituen bi denboraldietan jokatu du mailaz igotzeko kanporaketa. Iaz ez zuen lortu, baina bigarrenean bai. Patxi Frances entrenatzaileak eta Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaileak lan bikaina egin dute bi urte hauetan. Urtetik urtera zenbait arraunlarik trainerua utzi egin dute arren, bigarren trainerua indartu eta taldea berritzeko gai izan dira, etxean bertan prestatutako arraunlari berriekin. Zumaiak gaur etxean egindako 12 arraunlari jarri ditu lehian, eta hori ere goraipatzeko datua da.

Portugaleteko estropada

1. Zumaia 20:03.70 (4+4 puntu)
2. Portugalete 20:04.04 (2+3 puntu)
3. Getaria 20:21.62 (3+2 puntu)
4. Mugardos 20:26.28 (1+1 puntu)